Silken Uribarren Jauregia eta Zubieta hotelek beraien instalakuntzak eskaini dizkiete udalei
Hotel horiez gain, herriko elkarte eta kolektiboek emandako laguntasuna ere azpimarratu du Koldo Goitia Lekeitioko alkateak.
Covid-19aren krisiaren aurrean, Lekeitioko Silken Uribarren Jauregia hotelak eta Ispasterko Zubietak udalen eskutara jarri dute hotelen erabilera. Hotelak erabili behar izanez gero, prest daudela jakinarazi deiete udalei.
Lehen momentuan egin zuten eskaintza, eta prestutasun eta elkartasun hori eskertu dute udalek. “Guretzako eskertzekoa da ikustea horrelako azpiegitura indartsuak herritarren eskura uzteko prest daudela”, nabarmendu du Koldo Goitia Lekeitioko alkateak.
Goitiak azaldu duenez, beste herri batzuetan bezala, elkartasun mugimendu handia sortu da Lekeition, eta hotel horiez gain, herriko elkarte eta kolektiboek emandako laguntasuna ere azpimarratu du. Boluntario sare bat dago abian behar handiena dutenei laguntzen eta Gurutze Gorria ere lanean ari da.”Hainbat lekeitiar ere eskaini dira boluntario lanak egiteko eta Lekeitioko hainbat talde, eragile eta herritarrek laguntasuna eskaintzen jarraitzen dute. Etxeetan maskarak ere egiten ari dira batzuk”.
Orain dela egun batzuk, Lekeitioko txinatar komunitateak hainbat maskara eman zizkion Udaltzaingoari. Horiez gain, Isuntza Arraun Elkarteak ere bere elkartasuna erakutsi du, Lekeitioko Udalari beste hainbat maskara emanez, eta Haur eskolak ere zeuzkan maskarak eman dizkio osasun etxeari. “Egoera latz honen aurrean honelako elkarkidetasuna ikustea eskertzekoa da”.