Aste Santura begira, kontrolak areagotuko dituzte Lekeition
Lekeition bigarren etxebizitza dutenei gogorarazi diete debekatuta dagoela herri batetik bestera mugitzea. 25 isun jarri dira eskualde mailan, gehienak Lekeition.
Lekeitioko Udalak jakitera eman duenez, gero eta kontrol zorrotzagoak egingo dituzte Lekeitioko sarreretan. Izan ere, asko dira Lekeition bigarren etxebizitza daukatenak, eta bateren bat Aste Santua igarotzeko bigarren etxebizitzara etortzea zainduko dute. Gogoratu dutenez, “herri batetik bestera mugitzea debekatuta dago”.
Gainera, jarraipen berezia egingo dute herriko lokalen erabilerarik egiten ez dela ziurtatzeko. Esan dutenez, oraindik jendeak lokaletan batzen jarraitzen du, eta Ertzaintzak patruilak indartuko ditu, herri eta landa eremuetako kontrola handituz, jendeak arauak bete ditzan. Aipatutako neurriak ez betetzeak, isunak ekarriko ditu. “25 isun jarri dira eskualde mailan, gehienak Lekeition. Seriotasunez eta arduraz jokatzea eskatzen da”.
Udalak azpimarratu duenez, etxeetan egoteko agindua dela eta, janaria eta botikak erosteko, txakurra ateratzeko edota oinarrizko lanpostuetara joateko soilik irten ahal da eta hau ere ahal den denbora gutxien.
Berrantolaketa. Udaleko beharginak ere berrantolatu egin direla ere jakitera eman dute. “Langileen bizitza pertsonala, osasun neurriak eta lana hobeto tartekatzeko, osasun alarma ezarri zenetik telelana bultzatu da. Hori dela eta, langileen gehiengoa etxetik lanean ari da, zerbitzu gehienak mantenduz eta telefono eta posta elektronikoz lan eginez”.
Brigadari dagokionez, egitura berrantolatu dutela zehaztu dute, “ematen duten zerbitzua mantentze aldera eta beti ere segurtasun neurriak bermatzeko protokoloa jarraituz”. Gizarte zerbitzuak ere indartu egin dituzte langile gehiagorekin, eta etxez etxezko laguntzaileak talde ezberdinetan banatu dituzte, segurtasun neurri bezala. Udaltzaingoa ere indartu egin dute, lau udaltzain berrigaz, “gerta daitezkeen kasuen aurrean erantzun azkarra eta eraginkorra emateko”. Kasu guztietan protokolo zehatz bat jarraitzen ari direla azaldu dute, langileen artean kutsadurarik ez egoteko.