Euskal Kirolari, kirola euskaraz eta etxean egiteko tresna
Eusko Jaurlaritzak sustatutako Euskal Kirolari programa hasi da euskarazko bideoak partekatzen etxean jarduera fisikoa egin ahal izateko, goi mailako kirolari euskaldunen eskutik.
Euskara eta kirola batzen dituen beste erreminta bat jarri dute martxan sarean: Euskal Kirolari. Sare sozialetan (Instagram, Facebook eta Twitter) goi mailako euskal kirolarien bideoak jasoko dituzte. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatutako programa hasi da dagoeneko euskarazko bideoak partekatzen, herritarrek etxean jarduera fisikoa egiteko hainbat aholku bilduz.
“Helburua da COVID-19aren hedapenaren ondorioz ezarritako konfinamenduak irauten duen bitartean jarduera fisikoa egin ahal izateko baliabideak eskaintzea, orain arte oso material gutxi zabaldu baita euskaraz”. Kirolariek erakutsiko dute nola entrenatzen diren eta herritar guztiek egin ditzaketen zenbait ariketa gomendatuko dituzte. Izan ere, adituek nabarmendu dute oso garrantzitsua dela konfinamendua irauten duen bitartean ariketa fisikoa egitea.
Euskal Kirolari ekimena 2017an sortu zuten, euskara kirol munduan eta batez ere gazteen artean sustatzeko helburu nagusiagaz. Horretarako bi ardatz nagusi ditu: teknologia berriak eta kirolaren munduan erreferentzia izan daitezkeen pertsonak, influencerak. Horrela, bideo laburren eta sare sozialen bitartez kirolari ezagunek euskarak beren kirol jardueran duen pisuaz eta garrantziaz hitz egiten dute, eta terminologiaren inguruko aholkuak ematen dituzte. Ondoren, material hori guztia sare sozialetan, eskola kirolean eta kirol federatuan zabaltzen da.
Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaritzak eta Jarduera Fisikoa eta Kirol zuzendaritzak bultzatu dute Euskal Kirolari.
KIROLARIEN ZERRENDA:
- Iñigo Vicens, fitness prestatzaile ondarrutarra
- Luca Sangalli, Realeko jokalaria
- Ibai Gomez, Athleticeko jokalaria
- Odei Jainaga, xabalina jaurtitzailea (Basque Team)
- Julen Goia, Ordizia Errugbiko jokalaria eta Espainiako errugbi selekzioko jokalaria
- Lide eta Amaia Erbina, Espainiako errugbi selekzioko jokalariak (Basque Team)
- Xabier Osa, crossfit egokituko kirolaria
- Esther Fernandez, yoga
- Mikel Landa, txirrindularia
- Leticia Canales, surflaria (Basque Team)
- Saioa Agirre, gimnasia erritmikoa
- Asier Garcia, gurpildun-aulkiko saskibaloi jokalaria (Basque Team)
- Nerea Perez, arraunlaria
- Ibon Larrinaga, boxealaria
- Ondiz Lekunbarri, arraunlaria
- Ander Romarate, Eibarko futbol inklusiboko entrenatzailea
*Kiroilari hauek beste kirolari ezagun batzuk izendatuko dituzte etxean egiten duten entrenamendua erakutsi dezaten.