Lekeitio irisgarriagoa izateko lanak egin dituzte
Batez ere irrist egiten duten aldapa eta eskailerak garbitu eta konpondu dituzte udaleko beharginek. Udalaren lanak etenda geratu dira azken dekretua betetzeko.
Herriko txoko denak jende guztiarentzat iristeko errazagoak izateko lanak egin dituzte azken astean Lekeition. Batez ere irrist egiten duten aldapa eta eskailerak garbitu eta konpondu dituzte udaleko beharginek, eta jarleku batzuk berriztu eta koskak ere kendu dituzte gune batzuetan aulkian edo oinez egiteko zailtasunak dituzten pertsonentzako trabak desagerrarazteko.
Besteak beste, merkatu plazaren ondoan aurkitzen den plaza txikiko bankuak berriztu dituzte, Basilika aurreko plaza eta bidea egokitu, Balentin Berriotxoako ibilbidea eta eskailerak konpondu eta irrist egiteko arriskua egon den guneak garbitu eta egokitu.
Horrez gain, kaleen garbiketa eta desinfekzio lanak egiten jarraitzen dute. Lan hauek batez ere egunerokotasunean erabiltzen jarraitzen diren baranda, zamar poto eta edukiontzietan egiten ari direla argitu dute, “erabilera publikoa duten guneetan”.
Espainiako Gobernuak onartutako dekretuari jarraituz, momentu honetan udalarentzat egiten ari diren lanak edo obrak gelditu egin beharko direla azaldu du Lekeitioko Udalak. Era berean, alarma-egoera dagoen bitartean hasi beharrekoak ez dira hasiko.