50 herritarrek osatzen dute Ondarroako boluntario sarea
Laguntzaile sareko kide izan nahi dutenek 608 22 97 95 telefono zenbakiara deitu behar dute. "Behar dutena etxera eramaten diegunean adineko jendeak edukitzen duen eskertzeko desio hori gauza ederra da", esan dute laguntzaileek.
Ondarroako Udalaren deiari erantzunez 50 ondarrutar ari dira kalez-kale herriko nagusiei laguntzen. “Nagusiak etxean daude seguruen eta boluntarioen lanari esker ez daukate etxetik atera beharrik ere”, esan dute udal ordezkariek. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkatea harro dago herritarrak egiten ari direnagaz: “Hemen gauza bat dago argi: momentu gogorretan ikusten da zer nolako herria garen. Badakigu pertsona nagusiak direla herriko altxorretako bat, eta laguntza eskatu genuenean jendeak segidan erantzun zuen”.
Bedialaunetak esan du boluntarioak egiten ari direna “elkartasun keinu ikaragarria” dela, “ezinbestekoa Ondarroako nagusiak zaintzeko”. Gogorarazi dute laguntzaile sareko kide izan nahi dutenek 608 22 97 95 telefono zenbakiara deitu behar dutela. “Deitu, izena eman eta izan herritarren sareko boluntario!”. Boluntario lanetan ari direnek esan dutenez, laguntzaile izateak “asko betetzen du. Behar dutena etxera eramaten diegunean adineko jendeak edukitzen duen eskertzeko desio hori gauza ederra da”.