Hileroko kultur egitarauagaz jarraituko dute Markina-Xemeinen
Hilabete honetarako egitarau bat prestatu dute proposamen ezberdinekin. Sare sozialen bitartez emango dute ekimenen berri.
Markina-Xemeinen hilero egoten den kultur egitarauari jarraipena emango zaio. Uhagon Kultur Elkarteak egitarau bat prestatu du, apirilaren 16tik 26ra bitartean, proposamen ezberdinekin. Aurreratu dutenez, batzuk sare sozialen bidez jarraitu ahalko dira, beste batzuk, berriz, etxebizitzetako balkoi eta leihoetatik egin ahalko dituzte herritarrek.
Uhagon Kulturguneko eta Markina-Xemeingo Udalaren webgune eta sare sozialen bidez emango dute egitarauaren berri. Aurreratu dutenez, musika, erakusketa eta umeentzako tailerrak ere egongo dira, baita ikastaroak ere: luzaketak Agurtzane Lopez Yan Tao taichi eskolako irakaslegaz, yoga familian eta dantza Garazi Etxaburu irakasleagaz. Ekintzak zehaztu ahala joango dira webgune eta sare sozialetara igotzen, apirilaren 15ean, hala ere, hilabete honetako egitarauaren karteldegi osoa argitaratuko dute.
Zehaztuta dauden ekintzetako batzuk hurrengoak dira:
- Apirilaren 17an eta 19an. Sormen Lantegiko tailerra. Parte hartu nahi duenak izena eman behar du apirilaren 16rako sormenlantegia@gmail.com helbidean. Parte hartzaileek posta elektronikoz jasoko dute egingo duten eskulanaren berri, azalpen guztiekin.
- Apirilaren 18an. 18:00etan, Jose Pablo Arriaga artistarekin hitzordua.
- Apirilaren 25ean, 19:00etan, Pablo Fdez. Arrieta musikariaren kontzertua.