Maier kooperatibak 712 pantailadun bisera eman dizkie Lea Artibai Amankomunazgoko udalerriei
Pantailadun bisera horiek, zerbitzu ezberdinetako udal langileei zuzenduko zaizkie. Erakutsitako eskuzabaltasuna eskertu dio Lea Artibai Amankomunazgoak Gernikako kooperatibari.
COVID-19ari aurre egiteko neurriak hartzen jarraitzen dute, etengabe, Lea-Artibai eskualdeko udalek, eta pantailadun bisera horiek, zerbitzu ezberdinetako udal langileei zuzenduko zaizkiela jakitera eman du Lea Artibai Amankomunazgoak.
Horrela, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Ondarroa, eta Ziortza-Bolibarko Udal brigadetako langileei, etxez etxeko zerbitzuko langileei, udaltzainei eta eskualdeko nagusien egoitzei zuzenduko zaizkie biserak. “Birusetik babesteko, eta, ondorioz, herritarren eta, azken finean, denon ongizatea bermatzeko”, esan dute.
Horrez gain, Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako nagusien egoitzetara ere bideratuko dituzte bisera batzuk. “Lea-Artibai Amankomunazgoak, berau osatzen duten udalerri guztien izenean, eskerrak eman nahi dio Gernikako Maier kooperatibari bere esku zabaltasunagatik. Eskerrak eman baita, egun hauetan, pantailadun biserak hauek egin dituzten langile guztiei, beraien konpromiso eta elkartasunagatik”.