Oporrak Bakean programa bertan behera utzi dute
Espainiako Fronte Polisarioaren ordezkaritzak erabaki du ume sahararrak uda sasoian bi hilabetez Euskal Herrira etortzeko programa bertan behera uztea. Yaalah elkarteak esan du Ondarroan ipini nahi zuten eskualde mailako aterpetxearen proiektua ere bertan behera geratu dela.
COVID-19ak eragindako mundu mailako larrialdi egoera dela eta, Euskal Herriko elkarte eta harrera familiak Oporrak Bakean programaren arduradunek zer erabakiko zain egon dira azken egunetan. Azkenean, astelehenean [apirilak 6] jaso zuten Espainiako Fronte Polisarioaren ordezkaritzak haur sahararren udako harrera programari buruz hartu duen erabakia. “Egoerak behartuta, aurtengo Oporrak Bakean programa bertan behera geratzen da”.
Ordezkaritzak esan du hartutako erabakia “erabakirik egokiena” dela. “Erabaki mingarria bada ere, munduak bizi duen salbuespeneko egoera kontuan izanda gure ustez hartu genezakeen erabakirik egokiena da”. Horren aurrean, Ondarroako Yaalah elkarteak esan du ordezkaritzak hartutako erabakia “tristura handiz” hartu dutela. “Erabakia logikoa da, eta guri ere egokiena iruditzen zaigu haurren onurarako eta oro har, herri sahararraren segurtasunerako”.
Horrez gain, Yaalah elkarteak eta Euskadiko Saharar Ordezkaritzak elkarlanean zuten eta aurtengo udan gauzatu behar zen haur sahararrentzako Lea-Artibai mailako aterpetxearen proiektua ere bertan behera geratu dela esan dute. “Proiektu hori bertan behera geratu da Oporrak Bakean programa ezeztatu den momentutik”.
Dena dela, herritarrei azalpenak eman nahi izan dizkiete. “Beharrezkotzat jotzen dugu azken asteetan proiektuaren finantzaketa kolektiboan parte hartu dutenengana eta, oro har, herritar guztiengana zuzentzea”. Beraz, argitu nahi izan dute euren asmoa eskualde mailako aterpetxea datorren urteko udan gauzatzea dela. “Hori da gure nahia”.
Gainera, Itsulapikoa atari digitaletik egindako finantzaketa kolektiboan edota zuzenean kontu korronteen bidez jasotako ekarpen ekonomikoak datorren urterako gordeko dituztela argitu dute. “Norbaitek egokiena dirua bueltatzea dela pentsatzen badu, elkarteagaz harremanetan jarri eta dirua bueltatuko zaio”.
Bestetik, aterpetxearen proiektua aurrera ateratzeko eskualdeko udalei eta oro har, beste erakundeei eskatutako laguntzak aurten onartzeko eta hartutako konpromisoa datorren urtera atzeratzeko eskatuko dietela esan dute.
Horren guztiaren aurrean, herritarrei eskerrak eman eta uda desertuan igaroko duten ume sahararrei maitasun mezua helarazi nahi izan diete. “Datorren urtean elkar ikusiko dugu!”.