Markina-Xemeingo Udalak COVID-19ak sorturiko kezkak argitzeko zerbitzua jarri du martxan
Alkateagaz zuzenean jarri ahalko dira kontaktuan herritarrak, dituzten zalantzak argitzeko.
COVID-19ak sorturiko egoerari lotuta egon daitezkeen zalantzei erantzuna emateko zerbitzua jarri du martxan Markina-Xemeingo Udalak. Zerbitzu horren bidez zuzenean Luis Egurrola alkategaz kontaktuan jarri ahalko dira herritarrak. Alkateak 688 84 49 95 telefono zenbakian jasoko ditu mezuak WhatsApp bidez, eta 24 orduko epean erantzungo dituela jakitera eman du.
Azaldu dutenez, udalaren ohiko jardunetik kanpoko zalantzak edo kezkak argitzea dute asmoa, momentu honetan bizi den ezohiko egoerari lotutako kontsulta puntualak argitzeko, eta egoera bere onera etorri arte eskainiko da. “Birusaren aurreko segurtasun protokoloari jarraituz, momentu honetan ezin da alkateagaz aurrez aurreko bilerarik egin, eta zerbitzu honek herritarrekin zuzeneko kontaktu bat egotea ahalbidetuko du”.
Bestelako kontsultetarako erabilgarri daude udalaren ohiko komunikazio bideak: 94-616 74 54 telefono zenbakia eta udala@markina-xemein.eus posta elektronikoa.