Ondarroako Udalaren Hezkidetza Egitasmoak martxan jarraitzen duela gogoratu dute
Konfinamenduko egunotan ere ez dauka etenik, eta ikasketa prozesuak aurrera jarraitzen duela adierazi dute udal ordezkariek. Horretarako, sare sozialetan saio birtualak egin eta formakuntza eta prestakuntza bideoak zabalduko dituzte, besteak beste.
Ondarroako Udalak herriko ikastetxeetan hezkidetzan oinarritutako hezkuntza bultzatzeko asmoz jarri zuen martxan orain dela urte batzuk Hezkidetza Egitasmoa, eta ez ohiko egoera honetan ere ez dauka etenik. Konfinamenduan egonda ere ikasketa prozesuak aurrera jarraitzen duela gogora ekarri dute.
Egitasmoa hezkuntza komunitatea osatzen duten denei zuzenduta dago. Hau da, ikasleak, irakasleak zein familiei zuzendutako jarduerak biltzen ditu.
Datozen egun eta asteotan mantenduko eta egingo dituzten zerbitzu edota ekintzak jakinarazi dituzte. Ikasleei zuzendutako eskuhartzeek jarraipena izango dute, hezkidetza etxean lantzeko baliabide gida zabalduko dute eta irakasleei zuzendutako formazio prozesuarekin jarraituko dute.
Horrez gain, harreman sexual-afektiboei buruzko hitzaldia eskainiko dute instagram bitartez. Lehen saioan sexualitatea landuko dute eta bigarrenean maitasun erromantikoa. Familientzako formazio saio birtualak ere eskainiko dituzte. Horretarako, prestakuntza bideoak zabalduko dituzte sare sozialeetatik, eta feedbakacka bermatzeko familientzako inkesta bat zabalduko dutela zehaztu dute.
Anitasuna bizi! leloagaz, LGTBIQAfobiaren aurkako jarrera adieraztea helburu duen unitate didaktikoa ere prestatuko dute. Bestetik, neska gazteen txokorako zine foruma egingo dute eta LHko 6.mailako ikasleentzako kahoota sortuko da (Aztarnen ibilbidea).
Gainera, herriko ikastetxeekin etengabeko harremana mantenduko dute era telematikoan.
Hala, egitasmoaren oinarriak gogoratu dituzte: gelan esku hartzeko tailerrak, ikastetxeetan hezkidetzaren gaineko aholkularitza espezializatua, ikas komunitate osoari zuzendutako prestakuntza, hezkidetza batzordearen kudeaketa eta dinamizazioa, eta azkenik, egitasmoaren ebaluazioa.
Hezkidetza Egitasmoari buruzko informazioa jaso edota zalantzak argitzeko, herritarrek 683 32 55 19 telefono zenbakira deitu edo hezkidetza.ondarroa@gmail.com helbide elektronikora mezua idatzi dezakete. Halaber, Facebook (hezkidetzaOndarroa) eta Instagram (@hezkidetzaOndarroa) kontuetan ere egitasmoaren zerbitzu eta jardueren berri ematen dute.