Alberto eta Joaquin bilatzeko lanen berri eman dio Segurtasun Sailak Arartekoari
Bilaketa operatiboa aktibo mantentzeko egin diren urrats guztiak deskribatzen dituzte txostenean.
Estefania Beltran de Heredia sailburuak zuzentzen duen Segurtasun Sailak otsailaren 6an Zaldibarko Verter Recycling 2002 zabortegian desagertutako Alberto Sololuze Markina-Xemeingo bizilagunaren eta Joaquin Beltranen bila egindako jarduerei buruzko txostena bidali dio Arartekoari. Txostenean, larrialdia hasi zenetik behargin biak bilatzeko operatiboa aktibo mantentzeko egin diren urrats guztiak deskribatzen direla jakitera eman dute, bilaketa-lanak egokitu behar izan dituzten zailtasunen deskribapen xehatua eginez.
“Txostenak xehetasunez jasotzen ditu amiantoa zuten obrako materialak zeudela egiaztatzeak sortu zituen arazoak eta hondakin-masatik eratorritako gasen errekuntzagatik aktibatu ziren sute-fokuak, ezegonkortasun geoteknikoko baldintzak, lixibiatuen kanalizazioen eta oinarrizko beste azpiegitura batzuen berreskurapena, eta baheketan ateratzen joan den hondakina kokatzeko muga fisikoak”, zehaztu dute.
Obraren konplexutasunagaz, meteorologiaren eraginez, ingurunean sortutako kezka sozialaz eta familienganako arretarekin zerikusia duten beste alderdi batzuei buruzko informazioa ere gaineratu dute txosten horretan.