Aurrekontu-egonkortasunerako bide berri bat adostea proposatu du Lehendakariak
Merkataritza jarduera pixkanaka irekitzen joatea eta udari begira eragin sozial handiena duten gaietarako irizpideak partekatzea azpimarratu du.
Iñigo Urkullu Lehendakariak aurrekontu-egonkortasunerako bide berri bat adostea proposatu zuen atzo [apirilak 26] COVID-19 koronabirusak sortutako egoerari aurre egiteko Espainiako Gobernuko Pedro Sanchez Presidenteak deitutako Presidente autonomikoen zazpigarren bileran.
“Kogobernantza, koordinazio eta erantzukidetasun” eredu bat aplikatu behar dela adierazi zuen Urkulluk “oinarri komun partekatuak eta hurbileko exekuzioa ezarrita”, eta errealitatera egokituta egon behar zela gaineratu zuen “autogobernua errespatatuz”.
Hiru jarduera-eremu lehenetsi zituen Lehendakariak Covid-19ak eragindako egoerari aurre egiteko: osasun-lehentasuna, lehen mailako arreta indartzeko faseari eta Covid paziente posibleen baheketari lotuta eta 4.000 test baino gehiago eginez; lehentasun sozio-ekonomikoa eta normaltasun berrirako trantsizioa.
Lehendakariak Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren esparruan aurrekontu-egonkortasunerako bide berri bat hitzartzeko beharra jarri zuen mahai gainean, “berehalako osasun-premia sozialei erantzuteko, bai eta ekonomia eta enplegua suspertzeko”.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak egindako normaltasun berrirako trantsizio-planak jasotzen dituen proposamenetako bi azpimarratu zituen. Alde batetik, merkataritza jarduera pixkanaka irekitzeko proposamena azpimarratu zuen, elikagaien saltokien muga berdinekin. Eta, bestetik, udari begira eragin sozial handiena duten gaietarako irizpideak partekatzea proposatu zuen, hala nola, kultura-jarduera, herri-ekitaldiak, jarduera fisikoa eta kirola, eta hondartzen eta igerilekuen kudeaketa.