COVID-19aren kalteei aurre egiteko ezarritako diru saila ez dela EH Bildugaz adostutakoa izan argitu du Lekeitioko koalizioak
EH Bilduko kideek ogasun batzordean informazioa besterik ez zutela jaso argitu nahi izan dute. Koalizioa ere proposamen bat lantzen ari dela aurreratu dute.
Lekeitioko EH Bilduk azaldu dutenez, joan den astean, udaleko ogasun batzordea bildu zen, eta EH Bilduri orduan jakinarazi zitzaion Lekeitioko udal gobernuak COVID-19aren kalteei aurre egiteko 220.000 euroko sail bat ezarri zuela, eta gainera, eskualdean bilduta zeuden alkateen forora Lekeitioko alkateak zifra hori eramana zuela. “Ez da egia, inondik inora, EH Bildurekin adostutako erabakia izan denik, ezta erabakirik hartu denik ere. Izan ere, ez da horretarako biderik eman, oraingoz. Nola da posible, zerbait adostea aurretiaz zifra hori beste foro baten proposatu bada? Nola da posible, zerbait adostea aurretiaz hartutako erabaki baten inguruan? “, galdetu dute.
Informazioa ematea eta erabakia adostea ez direla gauza bera adierazi du Lekeitioko EH Bilduk. “Benetako parte hartzea eta adostasunak bilatzea hori baino askoz gehiago direla uste dugu”.
Hori dela eta, EH Bilduko kideek ogasun batzordean informazioa besterik ez zutela jaso argitu nahi izan dute. “Udal gobernuari EH Bildutik ere proposamen bat lantzen gabiltzala adierazi genion eta berau prest dagoenean helaraziko geniela, akordio zabala lortze aldera. Asmo horretan berresten gara”.
COVID-19ak sortutako ondorioek “guztion laguntza eta proposamenak” behar dituztela adierazi dute. “Horretan ari gara EH Bildun eta horretan jarraituko dugu”.