IAren programa nazionalagaz bat eginez, 'Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu' kanpaina abiatu dute Lekeition
Egoera hobetzeko eskaerak helaraziko dizkiete Lekeitioko ikastetxeetako zuzendariei. Eskaera horiek egiteko sinadura bilketa bat egingo dute zapatu-domekan [maiatzak 2 eta 3].
Lekeitioko Ikasle Abertzaleak eta Ikasleen Autodefentsa Sareak indarrak batu eta IAren programa nazionalagaz bat eginez, Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu kanpaina abiatu dute.
Kanpainagaz hasteko, Lekeitio BHI institutuko eta Azkue Ikastolako ikasleen artean inkesta bat egin zutela azaldu dute, Covid-19 dela-eta bakoitzak dituen arazoak identifikatzeko, eta ikasle gehienek nabarmentzen duten arazoa gehiegizko lan karga dela jakitera eman dute.
“Oso zaila ari da izaten egoera honetan ikasketak aurrera eramatea: internet bidezko eskolak jarraitzeko zailtasuna, zalantzak argitzeko baliabide falta… eta gainera, lan-karga oso handia. Lan guztiak aurrera eramateko bakarrik gaude, eta horrek inpotentzia eta estresa areagotzen ditu”, diote ikasleek.
Irakasleen egoera zaila dela ulertzen dutela esan dute ikasleek. “Baina haiek ere gu uler gaitzaten nahiko genuke”. Hori dela eta, Lekeitioko zuzendaritzei egoera hau hobetzeko eskaerak heleraziko dizkiete; eskaera nagusia DBHko eta Batxilergoko lan-karga jaistea izango da. Horren barruan, puntu hauek hobetzea eskatzen dute: Alde batetik, beharrezko edukia soilik lantzea, atera berri duten ikasturtea amaitzeko Hezkuntza Planean zehazten dena. Bestetik, irakasle bakoitzak bere klase orduetan soilik bidaltzea lanak, eta azkenik, irakasleen arteko koordinazioa hobetzea, lan karga hori gutxitu ahal izan dadin.
Eskaera hauek egiteko sinadura bilketa bat egingo dute zapatu-domekan [maiatzak 2 eta 3]. Sinatu beharreko web orrialdea sare sozialen bidez zabalduko dute. Horrez gain, atxikimenduak ialeaartibai@gmail.com helbide elektronikora ere bidali ahalko dira, izen-abizenak ipinita.