Zaldibar Argituk lore eskaintzak egiteko deia egin du
Hiru hilabete betetzen dira bihar [maiatzak 6] Zaldibarko hondamendia gertatu zenetik, eta herritarrei mobilizatzeko eskatu die plataforma herritarrak.
Alberto eta Joaquin zenbat egunez falta diren gogorarazteko taula bat jarri zuten senideek Goiko Portalean. Bihar [Maiatzak 6] hiru hilabete beteko dira Verter Recycling zabortegia jausi eta Alberto Sololuze Markina-Xemeingo bizilaguna eta Joaquin Beltran Zalllakoa zabortegiko lurren azpian desagertu zirenetik, eta oraindik ez dago euren berririk. Hori gogora ekartzeko lore eskaintza antolatu du Zaldibar Argitu plataformak.
Jendeak ordu zehatz batzuetan irteteko aukera duela eta, lore eskaintza egiteko 08:00etatik 18:00etara arteko ordutegia zehaztu dute, “adin desberdinetako jendeak parte hartzeko aukera izan dezan”. Lore baten eskulan bat egitea proposatu dute: lore bat egin, margotu… Lore hori gero, horretarako prestatutako guneetan jarri beharko da.
Zabortegiaren inguruko herrietako plazetan –Ermua, Zaldibar, Eibar, Elgeta eta Mallabia–, langileak bizi ziren udalerrietan– Zallan eta Markina-Xemeinen– eta Etxebarrian egingo dira lore eskaintzak. Markina-Xemeinen Alberto eta Joaquin zenbat egunez falta diren gogorarazteko senideek Goiko Portaleko panel elektronikoan jarri zuten taularen ondoan jarri behar dira loreak.
Horrez gain, hilabete bi bete zirenean egin zen modura, oraingoan ere 5 minutuz burrunbada egiteko deia luzatu diete Euskal Herritar guztiei. 20:30ean egingo da burrunbada leiho eta balkoietatik, eta ondoren, kandela bi piztu eta Zaborrezko munstroa kantua jartzea proposatu dute.
Aldarrikapena egin eta argazkia sare sozialetara igotzeko gonbitea ere egin du plataformak, #zaldibarargitu eta #joaquinetaalbertogogoan traolak jarrita. “Norbanako moduan argazkia atera, lore eskaintzan edo burrunbadan, eta sare sozialetara igotzea da asmoa, gero argazki guzti horiekin, zonaka, bideo bat muntatu ahal izateko”, azaldu dute.