Markina-Xemeingo EAJk ezezkoa eman dio Alberto Sololuzeren familiak aurkeztutako mozioari
EAJk azaldu duenez, "enpresaren erantzukizunaren aipamena" falta da testuan, eta enpresari erantzukizuna eskatzea "oso garrantzitsua" dela ikusten dute.
Markina-Xemeingo Udaleko EAJren taldeak ezezkoa eman dio Alberto Sololuze Txurrukaren familiakoek aurkeztutako mozioari. Martxoan aurkeztu zuen mozioa familiak, eta COVID-19 pandemiaren ondorioz, atzoko [maiatzak 5] osoko bilkuran landu zuten gaia.
EAJk esan duenez, “enpresaren erantzukizunaren aipamena” falta da testuan, eta enpresari erantzukizuna eskatzea “oso garrantzitsua” dela ikusten dute. Horregatik erabaki dute mozioari ezezkoa ematea. Azaldu dutenez, mozioa udaletxean jaso zen unean batu zen Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkatea mozioa aurkeztu zutenekin, eta erantzukizun horren aipamena faltan botatzen zutela azaldu zien, mozioan sartzeko, eta aldaketarik ez dela egon esan dute. Mozioa onartzen ez duten arren, familia babesten dutela azpimarratu dute: “Guk familia babesten dugu, eta horrela adierazi diegu Sololuzeren emazte eta alabari hasieratik”. Babes hori emateko adierazpen bateratu bat ateratzearen alde azaldu da EAJ.
Mozioa. Familiak jasaten ari den sufrikarioa azaltzen du mozioan, eta Zaldibarko Eitzaga auzoko zabortegian desagertuta dauden Alberto Sololuze herritarraren eta Joaquin Beltran Zallako bizilagunaren senide eta lagunei babesa eskaintzea eskatzen dio Markina-Xemeingo Udalari. “Eskatzen dugu behar dituzten baliabide guztiak haien esku jartzeko eta haien interesei eragiten dien informazio guztia izango dutela bermatzeko”.
Udalari eskatzen diote baita ere, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari bi langileak aurkitzea lehentasuna izan dadila eskatzea, behar den administrazioari hondakinen kudeaketaren arloan beharrezkoa den kontrola bermatzea, eta eskerrak ematen dizkiote erreskate lanetan parte hartu duten eta parte hartzen ari diren profesionalei, haien segurtasun neurriak bermatzea eskatuz.
Azkenik, udalbatza osatzen duten bi alderdiei (EAJ eta EH Bildu) senideek eta eragileek Markina-Xemeinen antolatuko dituzten ekimenei babesa ematea eta laguntzea eskatzen diete.
Markina-Xemeingo EH Bilduk aldeko botoa eman dio mozioari, eta EAJk mozioa atzera bota izana salatu du. “Zaldibarko aferan egun seinalatua den bezperan EAJk atzera bota du mozioa. Bi pertsonek zabor azpian jarraitzen duten artean, gure herriko EAJren kezka nagusia bere interesekoei aurpegia garbitzea da, itxura denez”, adierazi dute.
Mozioa atzera botatzeko EAJk emandako azalpenari dagokionez, testuan ez dela errudun bat ere izendatzen azpimarratu du EH Bilduk: “Ez Verter enpresa, ez Jaurlaritza, ez Zaldibarko Udala, ez eta Bizkaiko Foru Aldundia ere. Penagarria da beste behin gai honetan gure gobernu arduradunek erakutsitako jarrera”.