Idazlan laburren lehiaketa antolatu du Uhagon kulturguneak
Parte hartzaileek COVID-19ak eragindako egoera zelan bizi duten azaldu behar dute idazlanean. Maiatzaren 29rako bidali behar dira lanak Uhagon kulturgunearen helbide elektronikora.
Momentu honetan bizi den egoerari buruzko idazlan laburren lehiaketa bat antolatu du Markina-Xemeingo Uhagon kulturguneak. 8 urtetik gorako nahi duten guztiek parte hartu dezakete “Etxean” nola bizi duzu egoera hau? lehiaketan. Idazlana fikziozkoa ere izan daitekeela azaldu dute antolatzaileek, “ez dago zertan norbere esperientzia kontatu behar”.
Adinaren arabera, lehiaketa hiru mailatan banatuko da: 8-11 urte, 12-16 urte eta 16 urtetik gora. “Idazlanak laburrak dira. 8-11 urte bitartekoek gutxienez 60 hitz eta gehienez 100 hitzetako lana aurkeztu ahal dute, eta beste maila bietakoek gutxienez 100 hitz eta gehienez 250 hitzeko idazlanak egin behar dituzte”, zehaztu dute.
Lanak Uhagon kulturgunearen helbide elektronikora (kulturgunea@uhagon.com) bidali behar dira maiatzaren 29rako. Dokumentu baten idazlana bidali behar da egilearen izengoitiagaz sinatuta, eta beste dokumentu baten egilearen datuak bidali behar dira: izen-abizenak, adina, telefono zenbakia eta zein ezizenagaz sinatu duen idazlana adieraziz.
“Lan guztiak Uhagonen jasoko ditugu, eta izengoitiagaz sinatutako lanak bidaliko dizkiegu bakarrik epaimahaikoei. Ez dute idazlana norena den jakiteko daturik edukiko”, azaldu dute. Literatur munduagaz lotutako herriko hiru lagunek osatuko dute epaimahaia, eta horien ebazpena ekainaren 15ean emango dute jakitera.
Kategoria bakoitzean irabazle bakarra egongo da, eta Markina-Xemeinen itxita egon diren merkatari edota ostalaritza establezimenduetan gastatzeko 75 euroko txartela irabaziko dute. Horrez gain, opari bat ere emango dietela aurreratu dute Uhagon kulturgunekoek.
Lehiaketan parte hartzen duten idazlan guztiekin liburu bat egitea daukate asmoa. “Lan guztiak koadernatu egingo ditugu, eta bizi dugun egoeraren testigantza izango den liburua osatuko dugu”.