Munitibarko San Pedro jaiak beste modu batera ospatzeko ekarpenak jasoko dituzte
Jai eta Kultura batzordeak proposamen herrikoi eta parte hartzaileak bildu nahi ditu. Maiatzaren 21a arte jasoko dituzte ekarpenak, eta 22an batzarra egingo dute.
Herriko jaiak zein kultur ekitaldiak beste formatu batzuetara egokitu behar dituztela adierazi die Munitibarko Jai eta Kultura batzordeak herritarrei. Udako jaiak eta ekintza kulturalak hurbil daudela eta, bertan behera utzi beharrean, horiei beste alternatiba bat eman nahi diete.
San Pedro jaietarako, segurtasun neurri orokorrak betetzen dituzten proposamen herrikoi eta parte hartzaileak bildu nahi dituzte, “formatu sinple batean bada ere, denek San Pedro jaietaz gozatzeko tartea izateko”. Maiatzaren 21era arte [eguena] jasoko dituzte herritarren ekarpenak, eta maiatzaren 22an [barikua] batzarra egingo dute, 17:00etatik aurrera; Jitsi Meet plataformaren bidez zuzenean jarraitu ahal izango da batzarra. Ekarpenak hemen egin daitezke. “Jasotako proposamen guztiak maiatzaren 22ko batzordean eztabaidatuko dira, eta San Pedro jaietarako behin-behineko bigarren plan bat osatuko da”.
Maiatzaren 29an ohiko formatua edo jasotako ekarpenekin osatutako bigarren plana gauzatzea erabakiko dutela jakinarazi dute. “Pandemia honek udako hitzordu desberdinetan lan egiten duten profesionalentzako duen eragin ekonomikoaren kontziente gara, baina herritarren osasuna eta segurtasuna lehenesten ditugu, eta ezin ditugu azken momentura arte itxaroten izan. Gainera, jaien antolaketan asko dira hartu beharreko erabakiak eta egin beharreko gestioak, eta ezin da hori dena hamabost egunetan egin”, azaldu dute Jai eta Kultura batzordearen kideek.
Ekintza plana. Bestalde, maiatzaren 23an [zapatua] Ekintza-planaren parte hartze saioa egingo dute, 11:00etatik aurrera, eta Jitsi Meet plataformaren bidez jarraitu ahalko da.
Informazioa, udaletik etxeetara. COVID-19 Munitibar – Danon artean dokumentua prestatu eta zabaldu du Munitibarko Udalak. “Hamabost egunetik behin, fase aldaketarakin batera publiko egingo den dokumentu honetan parte hartze saioetan hartutak erabakiak, gomendioak, agenda, eta orokorrean COVID 19-ari lotutako informazio eguneratu guztia aurkituko dute herritarrek”.