Debabarreneko Mankomunitatea handizkako hondakinak batzen hasi da berriro
COVID-19aren hedapena saihesteko, martxoaren 24an eten zuten zerbitzu hori. Mutrikun eguenetan jasoko dituzte. Hondakinak ateratzeko egutegia eta arauak errespetatzeko eskatu dute.
Debabarreneko Mankomunitateak esan duenez, astelehenetik aurrera handizkako hondakinen bilketa zerbitzua berrezarriko da. Martxoaren 24an eten zuten zerbitzua, COVID-19aren hedapena saihesteko.
Zehaztu dutenez, Mutrikun eguenetan jasoko dituzte hondakin horiek. Dena dela, egutegia errespetatzea eta ondorengo arauak eta jarraitu beharreko prozedura kontuan edukitzeko eskatu dute:
- 1- Hondakinak atera aurretik, Mankomunitatera deitu (943-70 07 99) beharko da, trasteak utziko diren lekuaren berri emateko. Deiak astelehenetik barikura hartzen dituztela esan dute, 09:00etatik 14:00etara.
- 2- Altzariak eta tresnak 20:30etik 21:30era bitartean atera behar dira edukiontzi punturik hurbilenera; oinezkoentzako pasabidea ezingo da oztopatu, eta altzariek edota tresnak ezingo dute edukiontziak ukitu.
- 3- Dei bakoitzeko, gehienez ere egunean gela bat atera ahal da.
Zeintzuk hondakin jasoko dira?
- Altzariak eta tresnak
- Hozkailuak, garbigailuak, mikrouhin labeak
- Telebista, bideoak, musika erreproduzitzeko gailuak…
- Ordenagailuak, inprimagailuak, faxak…
Zeintzuk hondakin ezin dira utzi?
- Produktu toxikoak (pinturak, aerosolak)
- Inausketa eta lorezaintzako hondakinak
- Obra txikien hondakinak: komunak, hodiak, obra handiak…
Garbiguneak ere eskura daudela gogorarazi dute, udalerrian bilketa egiten ez den beste egunen baten hondakinak atera behar badira:
- Ordutegia: astelehenetik barikura, 09:04tik 12:56ra eta 16:04tik 18:08ra. Zapatuetan 09:04tik 12:56ra.
- Igande eta jai egunak: itxita.