Bertan behera geratu da Akanpadie
Markina-Xemeingo eta inguruetako 150 gaztek parte hartzen duten ekimena egitea ezinezkoa dela azaldu du Xemein Astialdi Taldeak.
COVID-19 dela eta, Akanpadie bertan behera uztea erabaki du Markina-Xemeingo Xemein Astialdi Taldeak. Jakitera eman duenez, erabakia hartzea ez da inondik inora erraza izan, baina egoera honetan egitea ezinezkoa dela ikusten dute. “Akanpadie, guk ulertzen dugun moduan egitea ezinezkoa izango zela jakitun ginen arren, erabakia atzeratzen ibili gara, ez dalako inondik inora erabaki erreza”, esan dute.
Arrakasta handia izaten du XATek antolatutako kanpamentuak; Markina-Xemeingo eta inguruetako 150 gaztek parte hartu dute azken urteetan, uztailaren amaieratik abuztuaren erdira arte irauten duen ekimenean. “15 egunean sortzen duguna galtzeak pena handia ematen digu, baina XATek pertsonen zaintza ipini nahi du erdigunean momentu honetan ere”.
Hala ere, beste ekintza batzuk egiteko asmoa iragarri dute: “Honek ez du esan nahi aurten ez dugunik egingo ekintzarik. Denontzako berria den egoera honetan, gure ekarpena zein izan daiteken hausnartzen gabiltza, eta aurrerantzean ere izango duzue gure berri”.
Egoera gaitz honetan ere ume eta gaztetxoak jendarte honetako subjektu aktiboa direla gogora ekarri dute. “Hartu ditzagun kontuan euren iritzi eta proposamenak, modu honetara bakarrik lortuko dugu eta benetako herri inklusiboa”.