Lea Ibilbidea egokitzen ari dira
Bidea egokitu eta belarrak moztuko dituzte. Lanek hiru hilabete inguru iraungo dute.
Lea Ibilbidea egokitzen ari da Leartibai Garapen Agentzia, ibilbidearen inguruko udalekin elkarlanean. Lanak hurrengo hiru hilabeteetan egingo dira, hasi Munitibarretik eta Lea ibaia itsasoratzen den lekura arte.
Besteak beste, bidea egokitu eta belarrak moztuko direla jakitera eman dute: “sastrakak kendu, bide ertzak garbitu eta bideko adarrak moztuko dituzte. Marierrota inguruan ere bedarrak moztu eta eraikinaren mantenimendua egingo da”. Horrez gain, bidegorria inguratzen duten lurrak eta padurak ere garbituko dira. Joan den astean hasi ziren Lekeitio inguruko bide zatia garbitzen.
Lekeitiotik Munitibarrera oinez edo bizikletaz joateko aukera ematen duen bidegorriak, eta 20 kilometro inguruko luzera du. Tartean Mendexa, Amoroto, Gizaburuaga eta Aulesti herriak zeharkatzen ditu. “Lekeitioko partean dagoen bidegorriaren hasieran Marierrota aurkitzen da. 1555ean eraikita marearen gorabeherekin ur jauzia sortzen zen bertan errota mugitzeko. Gaur egun berriz, bidegorriaren inguruko azalpenak ematen dituen interpretazio zentroa bilakatu da”, azaldu du Lekeitioko Udalak. Ibilbidea, ardoaren eta arrainaren ibilbidea edo GR38 bezala ere ezagutzen dela gaineratu dute. “Paisaia ederra ikusteko aukera ematen du Lea ibaia jarraitzen duen bidegorriak. Osasun egoera hobetu ahala, berriz ere naturaz gozatzeko aukera paregabea izango dugu”.
Leartibai Garapen Agentziak azaldu duenez, herrien edertzerako proiektuaren baitan kokatzen da Lea Ibilbidearen garbiketa eta mantenimendua. Eskualdeko herri bakoitzak berak zehaztutako edertze lanak egiten ditu. “Lea Ibarrako herriek eta Lekeitiok batera proiektu bateratua lantzea erabaki zuten, Lea ibilbidearen mantentzea eta edertzea, hemen sartuz Marierrota ere”. Proiektua aurrera eramateko beharginak hartu dituzte, Lanbidek prestatzen duen enplegua sustatzeko tokiko ekintzen egitasmoagaz bat eginez.