Liburutegiko liburuen mailegua egiten hasi dira Lekeitioko kultur etxean
Liburu berrien eskaerak aldez aurretik egin behar dira telefonoz, WhatsAppez edo liburutegiaren helbide elektronikora idatzita.
Lekeitioko liburutegia. Argazkia: Lekeitioko Udala Liburuen mailegua egiteko aukera berrezarri dute Lekeition. Osasun alarma dela eta, azken hilabeteetan itxita egon ondoren, astelehenean [maiatzak 18] jarri zuten martxan Lekeitioko liburutegiko mailegu zerbitzua.
Oraingoz, kultur etxean egingo da liburuen mailegua. Horretarako, baina, liburu berrien eskaerak aldez aurretik egin beharko dira, liburutegiko telefonora deituz (94-624 35 35), WhatsAppera idatziz (688 76 82 04) edo liburutegia@lekeitio.eus helbide elektronikora mezua bidalita.
Azaldu dutenez, horren ondoren, mezu bat jasoko dute erabiltzaileek baieztapenagaz, eta kultur etxera joan ahalko dira liburuaren bila, astelehenetik barikura 10:30etik 13:30era bitartean. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen bidez kontsultatu daiteke Lekeitioko Liburutegiko katalogoa.
Bestalde, etxean dauzkaten liburuak bueltatzea garrantzitsua dela ere gogoratu diete herritarrei.