Udal tasen berrikuspena egitea proposatu dio Lekeitioko EH Bilduk Udal Gobernuari
Esan dutenez, momentu honetan bizi den egoera zaila eta berezia da, eta beraz, "herritarren mesederako neurri bereziak aplikatzea eskatzen du".
COVID-19ak sortutako kalteak handiak direla eta, merkatari, ostalari eta herritarrei kobratzen zaizkien udal tasa eta zergak ez kobratzea eskatu du EH Bilduk. Esan dutenez, momentu honetan bizi den egoera zaila eta berezia da, eta beraz, “herritarren mesederako neurri bereziak aplikatzea eskatzen du”.
Azaldu dutenez, nahiz eta negozioa itxita eduki, udalak zaborren gaineko tasa kobratzen jarraitu die herriko merkatari eta ostalariei, eta tasa hori ez kobratzea eskatu dute: “Itxita egon diren denboran tasa hori ez kobratzea eskatzen dugu, horretarako beharrezko formula legalak aurkituz eta diru hori itzuliz. Ezinezkoa bada, legeak hala baimentzen ez duelako, tasa hori ez kobratzeko, kantitate bereko diru laguntza bidez laguntzea eskatzen dugu”.
Horrez gain, jarduera ekonomikoen gaineko zerga ere berrikustea eskatu du koalizioak: “negozioa itxita izan duten denboran ordaindu beharrekoa ez kobratuz edota kobratu bada, itzuliz”. Eta udalak esleituta dituen eraikinetan, negoziorik ezarrita balego ere, itxita izan duten denboran, esleipenagatik ordaindu beharrekoa ez kobratzea ere eskatu dute, eta hala egin balitz, itzultzea.
Familia eta norbanakoen tasa eta zergak berrikustea ere proposatu dute: IBIa, zaborren gaineko tasa eta trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga ez ordaintzeko formulak aurkitu eta ezartzea.
Oro har, herritarrek zein establezimenduek udalari ordaindu beharreko kantitate guztietan malgutasunez jokatzea eskatu diote udal gobernuari, “epeak zabalduz, zorraren zatikatzea baimenduz edota berandutzeak ez aplikatuta”.
Proposatu dutenak 2020ko udal aurrekontuak birmoldatzea eskatzen duela azaldu dute. Hala ere, beharrizanak lehenetsi egin behar direla diote. “Nahiz eta jakin guzti honegaz ez dela nahikoa izango, herritarrei eta herriko negozioei lagundu diezaioke”.