Minutu bateko isilunea egin da COVID-19aren eraginez hil direnak oroitzeko
Udaletxe aurretan batu dira udal ordezkariak isilunea egiteko. Espainiako Ministroen Kontseiluak martitzenean [maiatzak 26] onartutako 10 eguneko dolu ofizialaren barruan egin da ekimena, eta udal ordezkariez gain, herritar batzuk ere batu dira ekintzara.
Euskal Herriko beste herri askotan egin modura, Lea-Artibain eta Mutrikun ere COVID-19ak sortutako pandemiarengatik hildako pertsona guztien oroimenez minutu bateko isilunea gorde dute gaur [maiatzak 27]. Udal ordezkariek 12:00etan egin dute isilunea, udaletxe aurreetan. Herritar batzuk ere batu dira ekimenera.
Espainiako Ministroen Kontseiluak martitzenean [maiatzak 26] onartutako 10 eguneko dolu ofizialaren barruan, pandemiak hildakoak omentzeko lehen ekitaldi handia izan da gaurkoa. Izan ere, Espainiako Gobernuak hamar eguneko epealdi bat ezarri du dolua bideratu ahal izateko. Instituzioetako balkoietan banderak makila erdian ere ipini dituzte, eta xingola beltzak ere jarri dituzte. Hego Euskal Herriko erakunde gehienek deitu dute ekitaldiekin bat egitera, eta herritarrak ere gonbidatu dituzte eginbeharrak gelditu eta minutu bateko isilunera batzera.