Ondarroako Eguneko Zentroa, ateak zabaldu dituenetako bat
Bizkaiko Foru Aldundiak martitzenean esan zuen eguneko zentroak gutxinaka hasiko direla zabaltzen. Egunerokotasuna nola doan ikusteko, proiektu pilotu bat hasi dute gaur zabaldu diren hiru eguneko zentroekin, eta horietako bat da Ondarroakoa. Aste amaieran Bizkaiko beste bederatzi zentro gehituko dira proiektu pilotura.
Ondarroako Eguneko Zentroa kudeatzen duen IMQ Igurco enpresak jakinarazi duenez, lehenengo egunean erabiltzaileen erantzuna “erabatekoa” izan da. “Ia erabiltzaile guztiak etorri dira, bi izan ezik”. Hala, guztira, 10 erabiltzaile egon dira gaur [maiatzak 27] Ondarroako Eguneko Zentroan.
Eneritz Elgezua IMQ Igurco zentroetako zuzendariak esan duenez, zentroak ireki ahal izateko hainbat egokitzapen egin dituzte. “Erabiltzaileei, euren familiei eta langileei segurtasun neurri guztiak bermatzeko egin ditugu egokitzapenak. Dena dela, proiektu pilotu baten barruan egoterakoan, litekeena da datozen egunetan ere egokitzapen gehiago egin behar izatea”. Egin dituzten eta egin ahal dituzten aldaketa horiek guztiak, baina, Bizkaiko Foru Aldundiak gainbegiratuta daudela edo egongo direla esan dute.
Aldaketa nabarmenena erabiltzaileak antolatzerakoan egin dutela diote. “Elkarbizitza unitatea deritzon talde txikietan batu ditugu. Talde txikiak direnez, zentroko profesionalek etengabe artatzen dituzte”. Antolaketa hori zentroko langileek egindako antolaketa bereziari esker posible izan dela argitu du Elgezuak.
Talde txikietan banatuta ere, erabiltzaileek pandemia hasi aurretik egiten zituzten ariketa berdinak egiten dituztela azaldu dute. “Pandemia hasi aurretik profesionalen aldetik jasotzen zuten arreta berdina jasotzen jarraitzen dute, bai alor fisikoan, kognitiboan zein jolasetan aritzerakoan”.
Garraioa eta janari zerbitzua ere protokolo berezietara egokitu dituztela diote. “Zentroko espazioak ere berrantolatu egin ditugu”.
Azkenik, erabiltzaileak eta baita ere profesionalak maskarekin egoten direla esan dute. “Eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoak dituzte, eta zentroan dauden denboran, segurtasun tartea mantentzen dute”. Garbiketa zerbitzua ere indartu egin dute.