Ana Valles: "Ondo aprobetxatu baldin badugu, bizitzak aukera bat eman digu"
Konfinamenduak harremanetan izan duen eraginari buruzko azalpenak eman ditu Ana Vallesek (Bermeo, 1989). Besarkadek daukaten garrantziaz konturatzeko balio izan duela uste du.
Konfinamenduak harremanak aldatu ditu. Gizarte sozial batean bizi garen heinean, zelan eragin du horrek?
Oraindik datu zehatzak ez dauzkagu mahai gainean, ikerketak egiten dabiltza. Egia da, egoera apur bat nahasia izan dela. Etxe bakoitzak egoera bat dauka, eta hori ere kontuan izatekoa da. Birusa egon den etxeetan, esaterako, harremanak muturrekoak izan dira. Uste dut seme-alabak dauzkaten familiek edo denbora faltagatik bikotekideagaz egoteko denborarik ez daukaten horiek, konfinamendua ondo aprobetxatu baldin badute, probetxugarria izan dela. Mutur batetik bestera joan gara, eta etxea bihurtu da dena egiteko espazioa: lana, kirola, ekintzak… Norberaren kudeaketa da garrantzitsua. Asertibitatea komunikatzen ikasi baldin bada, enpatia landu baldin bada eta errespetuz jokatu baldin bada, ziurrenik ondo joan da konfinamendua. Hala ere, haserreak eta eztabaidak sortzea ere normala da 24 ordutan elkarrekin egotera behartuta bazaude. Egunerokotasuna etxe barruan egitera behartuta egon gara, eta horretara ere moldatu beharra daukagu.
Konfinamenduan, trantsizio momentuak ere bizi izan dira.
Hala da, bai. Hasiera batean, denok geldi egon ginen, eta aldaketak egin genituen, goitik behera. Hasieran, gauzak egin eta egin ibili zen jendea, eta uste dut horrek estres egoera batera eroan duela jendea. Momentu batean egoerak eztanda egin zuela esango nuke, kanpoko bizitza etxe barruan egiten saiatu izan garelako. Ondoren, familia bakoitzak ikasi du egoera kontrolatzen eta hoberantz egiten. Uste dut egoerak hoberantz egin zuela umeek kalera ateratzeko aukera izan zutenean. Arnasa hartzeko aukera eman zuen horrek. Konfinamenduko bi hilabeteetan, hortaz, bizitzan gertatzen den modura, etapak bizi izan ditugu.
Komunikatzeak garrantzia dauka harremanak hobeto joan daitezen?
Oso garrantzitsua da. Asertibitatea landu behar da, eta emozioak eta errealitatea azaltzea garrantzitsua da, betiere, bestea mindu barik. Enpatia, errespetua eta komunikazioa oso garrantzitsuak dira. Orain konturatu gara horien garrantziaz. Ez da orain sortu den metodo berri bat, gure egunerokotasunean erraztasunak emateko balio duten baloreak dira. Horrek ez du esan nahi haserrealdiak egongo ez direnik; egon behar dira, eta egongo dira. Baina harremanak bideratzen jakin behar dugu. Etxean egon garen denbora honetan nabaritu da ez gaudela komunikatzera, asertibitatea lantzera eta enpatikoagoak izatera ohituta. Hiru horiek herraminta garrantzitsuak dira, eta ondo aprobetxatzen jakin duenak aukera on bat eduki duela uste dut.
Zein da adinik zailena?
Errealitate bakoitzaren araberakoa dela esango nuke, baina nerabezaroa izan daiteke zailena. nahisoekin berba askorik egiten ez duten adin batean daude; badaukate zer kontatu, baina ez dute helduekin berbarik egin nahi. Etxean geratu beharra eduki dute, eta sasoi horretan lagunekin izaten dute harremanik handiena. Konfiantza handiena eurekin izaten dute, eta lagun arteko harreman barik geratu dira egun batetik bestera. Telefonoa eta Interneta eskura daukaten arren, ez da berdina. Uste dut, hortaz, adinik gorabeheratsuena hori izan dela. Kalean ikusi da ateratzeko baimena eman eta zelan ibili diren. Elkartu egin nahi dute, gauzak kontatzeko. Beharrizan hori eduki dute. Nerabeak, gainera, apur bat ahaztuta egon dira. 14 urteko batek ez du familiako bategaz kalera irten nahi, lagunekin egon nahi du.
Orain distantzia mantendu behar dugu. Zelan eragiten du?
Hasieran hotza sentitu daiteke. Ezin daiteke besarkadarik ezta musurik eman. Besarkada batek epeltasuna ematen du, asko transmititzen du. Orduan, norberaren izaeraren araberako eragina izan dezake. Badaude gustura daudenak besarkadak gustukoak ez dituztelako, baina kontrakoak ere badaude . Hasierako agurra aldatuko du honek guztionek.
Egoerak zelan eragin al du hasten dagoen bikote batean?
Batzuentzako aukera bat izan daiteke, baina errealitate asko daude hemen ere. Pertsona askok, hasieran, film bat bizi dute. Orduan, horiek, elkarrekin egoteko aukera modura ikus dezakete, erromantizismo puntua bilatuta. Maitemintze fasean pertsona horregaz egon nahi duzu ahalik-eta denbora gehien. Alboan daukazun pertsona hori ezagutzeko balio izan du. Gertatu ahal izan da pertsona horren izateko modua ez gustatzea eta harremanak aurrera ez jarraitzea. Egongo ziren baita ere hasten egon diren bikoteak, baina banatuta egon direnak. Ezin ikutu eta ezin ikusi horrek urruntzea ekarri dezake, baldin eta ez baduzu modu egokian erabiltzen telefonoa edo Internetak ematen dituen aukerak. Lagundu egiten dute, noski, baina ez da berdina.
Teknologia berriek orduan ez dute denetarako balio.
Azkenean hasi gara horretaz konturatzen. Oso ondo daude, eta lagungarriak dira, baina aurpegierak edota aurpegia ezin daitezke ondo ikusi.
Gauza berriak ikasteko balio izan du konfinamenduak?
Bai, noski. Besarkada batek duen garrantziaz ohartu gara. Uste dut orain gehiago ematen direla, ez dela horrenbeste kostatzen alboan daukagun horri besarkada bat ematea. Besarkada batek asko esaten du. Azalaren garrantziaz ere konturatu gara; gorputz guztia dago azalagaz innahituta, eta oso sentikorra da. Plazerra gure gorputzeko toki batzuetan baino ez dugu aurkitzen, ez gara konturatzen sexualitatea eta gorputza askoz ere zabalagoak direla eta besarkada bakar bategaz gauza asko esan eta transmititzen direla. Uste dut ondo aprobetxatu baldin badugu, bizitzak aukera bat eman digula. Hausnarketa egin beharko genuke faltan izan dugun hori zer den jakiteko, bai eta zer nahi dugun jakiteko ere. Momentua da nahi ez ditugunak albo batera uzteko eta nahi duguna bilatzeko. Ez da egoera erraza, ezta polita ere, baina aukera moduan ikusi behar dugu.
Bermesex zerbitzuan gazteekin lan egiten duzu. Erraz hurbiltzen dira?
Kosta egiten zaie. DBHko ikasleekin lan egitera joaten gara ikastetxeetara, eta horiekin egon ostean, epe labur batean hurbildu egiten dira. Nerabeek momentuan pentsatzen dutena egiten dute. Konfinamenduaren hasieran WhatsApp edota deiak izan genituen. Arraroa egin zitzaigun, egia esan. Arazo batzuen aurrean, etxean egonik, ez zekiten zelan aurre egin. Kezkak, hala ere, ez zeukaten konfinamenduagaz zerikusirik; harremanak, haurdunaldiren bat… Orain baretu egin da dena.