Irailean jokatu nahi dute Markina-Xemeingo Esku Pilota Txapelketa
Osasun egoerak horrela utziz gero, herriko txapelketa jokatzeko prest agertu da Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldea.
Markina-Xemeingo 42. Esku Pilota Txapelketako finalistak, antolatzaileak eta eskolako pilotariak txapelketa amaieran. Argazkia: Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldea Markina-Xemeingo Esku Pilota Txapelketari data jarri dio Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak. Egoerak ahalbidetzen badu, irailean jokatu nahi dute, eta urriaren 5ean izango litzateke finala.
Pello Urionabarrenetxea taldeko entrenatzaileak jakitera eman duenez, COVID-19ak eragindako egoerak hobera egin du, eta atzera pausorik eman ezean, abuztuaren amaieran edo irailaren hasieran, ikasturteagaz batera, jokatzen hasi nahi dute txapelketa. “Egoerak baimenduz gero, ez dugu gehiagorik atzeratu nahi”, esan du.
Bigarren fasean entrenamenduekin hasi dira Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldekoak, eta partiduek ematen duten “gehigarria” erantsi nahi diote pilotariek egiten duten ahalegin horri. “Momentu honetan entrenatzen ari gara bakarrik, baina partidurik ez daukagu, eta partiduek ematen duten ilusio hori falta zaie pilotariei”.
Momentu honetan, entrenamendu bakoitzean lau pilotari ari dira parte hartzen. Bakoitza bere aldetik hasi zen, baina bikotean entrenatzen ere hasi direla azaldu du Urionabarrenetxeak. “Hala ere, oraindik, lau pilotari baino gehiago ez dira batuko kantxan, segurtasun neurriak bermatzeko”.