Mobilizazioak deitu ditu Zaldibar Argitu plataformak ekainaren 6rako
Lau hilabete beteko dira lur jausia gertatu zenetik. Elkarretaratzeak egingo dira zapatuan Markina-Xemeinen eta Etxebarrian.
Ekainaren 6an lau hilabete beteko dira Zaldibarko Verter Recycling zabortegia erori zenetik. Lau hilabete, milaka tona zabor erori eta bi langile lurperatu zituztenetik: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Hori gogoan, mobilizazioak deitu ditu Zaldibar Argitu plataformak egun horretarako.
Zaldibar Argitu plataforma dagoen herri guztietan dituzte ekimenak antolatuta, eta osasun egoerak hobera egin duela eta, mobilizazioak kalera itzuliko dira. Horrela, elkarretaratzea egingo da zapatuan [ekainak 6], 20:00etan, Markina-Xemeingo Goiko Portalean. Esan dutenez, Zallan ere ordu berean egingo dute elkarretaratzea. Eta, aurreko deialdian bezala, Etxebarrian ere bat egingo dute mobilizazioekin. Olaia aurrean egingo da elkarretaratzea 19:30ean.
Aldarrikapenak eta leloak ere bera izaten jarraitzen dute. Beraz, erantzukizunak eskatzeaz gain, lehentasuna langileak aurkitzea dela errepikatuko da beste behin ere Zaldibar argitu, langileak, osasuna eta erantzukizunak orain! lelopean.
Bestalde, Durangoko Instrukzio Auzitegiko epaiketen prozesua aurrera doa pixkanaka, eta laster lehen txostenen berri ere egongo dela aitatu dute.
Bilaketa lanak. Markina-Xemeingo eta Zallako bizilagunen bilaketa lanek aurrera jarraitzen dute. Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, lur jausiaren goiko aldean materialen deskarga handiak eta beste finkapen-jarduketa osagarri batzuk egonkortasun-koefizientea finkatu dute, eta, horri esker, segurtasun handiagoz hurbiltzen ari dira lanak bilaketa eremuko zati nuklearrenera. “Alberto eta Joaquinen gorpuak aurkitzeko aukera gehien dituen gunera”.
Azken asteetan, udaberriko klimatologiari esker, zabortegia egonkortzeko eta Alberto eta Joaquinen gorpuak bilatzeko lanetan nabarmen aurrera egin ahal izan dutela azaldu dute, bai eta autobideraino jaisten den harri-lubetaren goialdean euste dike bat eraikitzeko lanetan ere. “Bigarren lerradurako ezpondaren goialdeak karga arindu du, eta horrek lurraren irmotasuna, egonkortasuna eta segurtasuna areagotzen ditu. Horri esker, bilaketa-lanak areagotzen joan litezke B1 eremuan, lixibiatuen putzutik hasi eta zabortegira sartzeko baskula kontrolatzeko eraikina zegoen zabaldegiraino doan eremuan”.
Guztira, 125.371 m ³ hondakin atera eta berrikusi dira Alberto eta Joaquinen gorpuak bilatzeko prozesua hasi zenetik.
Lanak ikustera. Bestalde, joan den astean [maiatzak 29] Nahia Sololuze Albertoren alaba eta Jon Mendizabal senarra joan ziren Zaldibarko zabortegira, bilaketa lanak zelan doazen bertatik bertara ezagutzeko. Bisitaldian obrako arduradunak eta Larrialdiei Aurre egiteko Zuzendaritzako kideak izan zituzten ondoan. Obrako teknikariekin kontrastatu ahal izan zituzten azken egunetan 2. lur-jausiaren goiko aldean egindako egonkortze lanen emaitzak.