Debabarrenan sortutako hondakin guztien %54 birziklatzen dute
Dena dela, birziklatu ezin diren hondakinak %10-12 baino ez direla gaineratu dute. "Beraz, oraindik badaukagu zer hobetu". 2019ko apirileko datuak eta aurtengoak alderatu dituzte, eta hondakin organikoen birziklapena %14 hazi dela eta errefusarena jaitsi egin dela esan dute.
Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da gaur [ekainak 5]. Horren harira, Debabarreneko Mankomunitateak hondakinen kudeaketa ona egiteak daukan garrantzia azpimarratu nahi izan du. “Hondakinak behar bezala kudeatzen ez badira, hondakin horiek lurra, ura eta airea kutsa dezakete”. Azaldu dutenez, Debabarrenan, biztanleko 427 kilo hondakin sortzen dira urtean. “Hau da, urtean 31.000 tona hondakin baino gehiago sortzen dira”. Baina kopuru horren guztiaren %54 birziklatu egiten dela gaineratu dute. Dena dela, sortzen diren hondakin guztietatik birziklatu ezin direnak soilik %10-12 direla esan dute. “Beraz, Debabarrenak oraindik zer hobetu badauka”.
Materia organikoa edo biohondakina deritzona da gehien berreskuratu daitekeen hondakinetako bat. 2019an, Debabarrenan hondakin mota horren 5.143 tona bildu ziren. “Garrantzitsua da arlo horretan hobetzen jarraitzea”, esan dute mankomunitateko ordezkariek. Hondakin organikoen birziklapen tasa igotzeko, aurten, eskualdeko biohondakinen sortzaile handiek (jatetxeak, enpresetako jantokiak, pintxoak dituzten tabernak, fruta dendak…) euren hondakin organikoak neurri handiagoan birziklatzeko apustua egin dutela gaineratu dute. Azpimarratu dute, baita ere, organikoaren edukiontzira (edukiontzi marroia) materia organikoa ez den zerbait duen hondakin poltsa bat botatzen bada, edukiontzi osoa kutsatzen dela.
Iazko apirileko datuak eta aurtengoak alderatuta, hondakin organikoen birziklapena %14 igo dela esan dute. Errefusak behera egin duela esan dute: 2019ko apirilean 1.118 tona batu ziren, eta aurten 1.058 tona batu dira; % 5,37ko beherakada antzeman dute.
Birziklapen tasa, gorantz. Azken datuen arabera, 2020ko apirilean Debabarrenako herritarrek 2019ko apirilean baino gehiago birziklatu dutela esan dute. “2019ko apirilean 345 tona hondakin organiko batu ziren, eta aurtengo apirilean 394 tona batu dira; hondakin organikoen birziklapena, beraz, %14 igo da. Errefusari (birziklatzen ez dena) dagokionez, 2019ko apirilean 1.118 tona batu ziren, eta aurten 1.058 tona batu dira; % 5,37ko beherakada antzeman dute. Oro har, gaikako bilketaren tasa %56an mantendu dela esan dute. “Datu horrek erakusten du herritarrek euren txebizitzetan hondakinak banatzen jarraitu dutela”, adierazi du Iosu Arraiz Mankomunitateako lehendakariak.
Azaldu dutenez, batzen den hondakin organikoaren tona bakoitzeko 136 euro ordaintzen ditu mankomunitateak. Aldiz, errefusaren tona bakoitzeko 181 euro ordaintzen dute. “Ondorioz, gehiago birziklatzen bada, Debabarrenak gutxiago ordainduko dio Hondakinen Partzuergoari. Beraz, organikoaren birziklapen tasa handitzen doan heinean, eskaintzen den zerbitzua hobetzeko gehiago inbertitu ahal izango da”.
Gainerako gaien bilketa. Beirari dagokionez, 2019an 204 tona jaso zituzten, eta 142 2020an. “Beherakada hori tabernak eta jatetxeak (beira sortzaile handiak) bi hilabetez itxita egon direlako izan daiteke. Aldiz, edukiontzi horira botatzen diren ontziak, 122 tonatik (2019an) 149 tona (2020) izatera pasatu dira”. Paperari eta kartoiari dagokienez, kaleko edukiontzietan bildutako kopurua ia berdin mantendu dela esan dute. “Baina sortzaile handien ekarpena (enpresak, supermerkatuak, eta abar) nabarmen jaitsi da, 2019an 200 tona batu ziren, eta aurten 147 tona”.
Oro har, eskualdeko herritarrek birziklapenarekiko duten konpromisoa txalotu eta baliabide naturalen erabilera “zuhur, eraginkor eta arrazionala eta ekonomia zirkularraren printzipioak sustatu” nahi dituztela esan dute. “Horregatik, eskualdeko herritarrak hondakin gutxiago sortzera animatu nahi ditugu, modu jasangarrian kontsumituz eta etxebizitzetan, dendetan eta enpresetan sortutako hondakinak bereiziz”. Egunerotasuneko keinu txiki horiek “planetaren mesederako” direla nabarmendu dute.