Hirugarren fasean, astelehenetik aurrera
Jaurlaritzak eskaera asteon egin du, eta gaur [ekainak 5] baieztatu egin dute Salvador Illa Osasun ministroak eta Maria Jesus Montero gobernuko bozeramaileak. Astelehenetik aurrera, lehendakariak edukiko du hirugarren faseari buruzko erabakiak hartzeko eskumena; fasearen iraupena eta normaltasun berrira noiz pasatu ere berak erabakiko du.
Astelehenetik [ekainak 8] aurrera hirugarren fasean egongo dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa. Espainiako Osasun Ministerioko iturriek albistea aurreratu eta gero, baieztatu egin dute Salvador Illa Osasun ministroak eta Maria Jesus Montero gobernuko bozeramaileak. Hirugarren fasera pasatzeko eskaera asteon egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta erantzun ofiziala gaur [ekainak 5] hartu dute.
Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari Euskal Herriko lau probitzien arteko mugikortasuna baimentzeko eskatu bazion ere, hark autonomia erkidegorako probintzietara mugatu du. Iparraldeko muga, uztailaren 1ean zabalduko dute.
Hirugarren fasetik aurrera erkidegoetako lehendakariek edukiko dute hirugarren faseari buruzko erabakiak hartzeko eskumena. Eta, beraz, Urkullu eta Txibiteren esku egongo da hirugarren fasearen luzera, eta beraiek erabakiko dute osasun irizpideak ardatz hartuta noiz pasatu normaltasun berrira. Ez Monterok ez Illak ez dituzte fase berriaren ezaugarriak zehaztu, horiek autonomia erkidegoetako lehendakariek erabaki beharko dituztelako.
Orain artean bezala, maskara derrigorrez erabili beharko da bi metroko distantzia gorde ezin daitekeen leku publiko guztietan, edo publikoari zabalik dauden leku denetan.
Beste alde batetik, Espainiako Kongresuak eguaztenean [ekainak 3] alarma egoeraren luzapena onartu eta gero, Espainiako Ministroen Kontseiluak gaur eman dio onerpena.
Faseak aurkeztu zituzten egunean Espainiako Gobernuak zehaztu zuen hirugarren fasetik aurrera onartuko zituztela adinekoen egoitzetarako bisitak. Bizkaian eta Nafarroan hasiak dira egoiliar eta senitartekoen arteko bisitak egiten. Araban eta Gipuzkoan, aldiz, astelehenean [ekainak 8] hasiko dira. Iparraldean, apirilaren 21etik aurrera onartu zuen Frantziako Gobernuak senitartekoek egoiliarrei bisitak egiteko aukera.