Kanpaiekin egon litekeen arazoa konpontzeko borondatea badagoela dio Ziortza-Bolibarko apaizak
Apaizak HITZAri esan dionez, arazoa ez da aspaldikoa, azken egunetakoa baizik. "Egun batean, kaletik nindoala, herritarra den baina herrian bizi ez den pertsona bat etorri zitzaidan eta modu oso traketsean aurkeztu zidan arazoa".
Duela bi aste Ziortza-Bolibarko herritar batzuk kanpai hotsagaz kexatu eta apaizak jaramonik ez zietela egin esan eta gero, apaizak esan du gauzak ez direla herritar horiek kontatu duten bezala gertatu eta ez dela egia berak jaramonik ez ziela egin. Lehenik eta behin, argi utzi nahi izan du egon litekeen arazoa konpontzeko borondatea egon badagoela. “Irtenbideak aztertzeko prest nago”.
Apaizak HITZAri esan dionez, arazoa ez da aspaldikoa, azken egunetakoa baizik. “Egun batean, kaletik nindoala, herritarra den baina herrian bizi ez den pertsona bat etorri zitzaidan eta modu oso traketsean aurkeztu zidan arazoa. Ni entzuteko prest ere ez zen egon, eta lekukoak ere badaude”. Apaizak dio, momentu horretan bertan kexa aurkeztu zion pertsonari esan ziola arazoa horrenbestekoa bazen plan bat aurkezteko eta egoera nola konpondu aztertuko zutela. Aurkezten zuten plan hori, baina, herritar multzo baten eskaera izateko eskatu zion apaizak, ez pertsona bakar baten eskaera. Plan hori eskuetan, eskaera egitera dagokion lekura joateko esan zion. “Arazo bat dagoenean, arazo hori konpontzeko leku konkretu batzuetara jo behar da, ez kalean pasantean komentatu”.
Aldaketa egin ahal dela behin eta berriz errepikatu du. “Herriak horrela eskatzen badu, erraz konpontzeko kontua da”. Dioenez, kanpaien sistema ezarri zuen enpresari deituko zitzaiola, eta horrek balioko lituzkeen 300-400 euroak parrokiak ordainduko lituzkeela esan zion apaizak momentuan bertan. “Baina esandakoa, kexatzen ari zena ez zegoen ni entzuteko prest”.
Zehatz esateko, apaizak argitu du gauez, 21:00etatik 08:15ak arte, kanpai hotsa ordu puntuetan eta erdietan entzuten dela. “Kexatu zen momentuan esan zidan ea nik kutsadura akustikoari buruz zer edo zer badakiten. Pertsonalki, hori iraingarria iruditu zitzaidan”.
Kanpai hotsen intentsitatea nola edo hala erregulatzea ere aztertu ahal dela dio. “Enpresak berak esango luke nola erregulatu ahal den hori”.
Bestalde, bi herritar kanpaien sistema nola dihoan ikasteko prest agertu direla esan du apaizak. “Sakristiara etorri ziren esaten eurak prest daudela sistema ikasteko”. Horretarako, ezarri zuen enpresako langileak etorritakoan haiek ere aurrean egon eta horrela ikasiko luketela argitu dute. Apaizak, hain zuzen ere, herritar horiek erakutsitako borondatea azpimarratu eta eskertu nahi izan du. “Arazo bat dagoenean, hortik jo behar da, eta ez konpondu ahal duenarengana harrika joanez. Laguntza eskatzen denean beste modu batera etorri behar da”.
Kanpaien sistema duela 14 urte ezarri zela dio, 2006ko abenduaren 17an zehatz esateko. Eta orain arte inor kexatu ez bada ere, herritarrek nahi dutena errespetatuko dela esan du. “Gauzak, baina, ondo azaldu behar dira, ez modu txarrean”.