Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoak ateak zabalduko ditu zapatuan
Gazteentzako eta nagusientzako saioak eskainiko dituzte asteon. Hala, zapatuan eta domekan [uztailak 4-5] 'Onwrad' (17:00) eta 'Personal assistant' (19:30) filmak proiektatuko dituzte. Astelehenean, ostera, soilik nagusientzako saioa egongo da, 20:30ean ('Personal assistant'). Uztailak 6: Onwrad (17:00) eta Personal assistant (20:30)
Lau hilabete itxita egon eta gero, Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoak ateak zabalduko ditu zapatuan [uztailak 4]. Arduradunek azpimarratu dutenez, “segurtasun neurri guztiekin” zabalduko dute Ikusgarri. Hori bai, sarrerak ez direla Internet bidez salduko esan dute. “Proiekzioa hasi aurretik, ordu erdi lehenago leihatilan erosi ahalko dira. Sarrera arruntak eskudirutan ordaindu beharko dira, eta bazkideen bonuak txartelagaz”. Hori bai, ikusleek, zinema aretotik irten arte maskarak jantzita eduki beharko dituztela esan dute.
Sarrera guztiak zenbatuta egongo direla esan dute. “Beraz, txartelean zehazten den ilaran eta eserlekuan jarri beharko dira ikusleak, ez beste inon”. Puntualitatea garrantzitsua izango dela gogorarazi dute, “COVID-19a saihesteko neurrien protokoloak bere denbora eskatzen duelako”.
Zinema aretoaren edukiera %60 izango dela esan dute, eta nola ez, maskara derrigorrez erabili beharko da, Ikusgarrira sartzen denetik irte arte; ikusle bakoitzak bere maskara eraman beharko du. “Esertzen den ikusle edo ikusle talde bakoitzeko eserleku huts bat egon beharko da eskuinean zein ezkerrean”. Sarrerak erosterakoan, leihatilan ilara sortuko balitz, pertsona batetik bestera 1,5 metroko tartea mantendu beharko dela gaineratu dute. “Sartzerakoan, ostera, boluntarioek ez dute txartelik moztuko, ikusleek eurek kutxa batean utzi beharko dute”.
Oro har, elkarteko langileek eta boluntarioek dagokien segurtasun neurriak hartuko dituztela eta ikusleentzako ere alkoholdun gelak eskuragarri egongo direla esan dute. “Prebentzio neurri gisa, komunak itxita egongo dira”.
Saioa amaitzean, eserlekuak eta umeen altzak desinfektatu egingo direla esan dute. “Desinfektatzeko erabiliko den produktuak ez ditu osasuna, arropak ezta eserlekuetako ehunak kaltetzen”.
Umeak. 17:00etako saiora doazen 12 urtetik beherako herritarrak heldu batek lagunduta joan beharko dutela diote. “Eta ordu horretako saioa amaitzean, ikusleek larrialdietarako irteera erabili beharko dute, sarrera nagusian hurrengo emanaldira doazenekin pilakaketak saihesteko.
Programazioari dagokionez, ondoko filmak proiektatzea aurreikusten dute. Dena dela, programazioan aldaketak egon ahal daitezkeela esan dute. “Izan ere, ekoizle eta banatzaileak estreinaldiak atzeratzen ari dira, eta baliteke filmaren bat edo beste aldatzea”.
- 1. ASTEBURUA
- Uztailak 4 eta 5: Onwrad (17:00) eta Personal assistant (19:30)
- Uztailak 6: Onwrad (17:00) eta Personal assistant (20:30)
- 2. ASTEBURUA
- Uztailak 11 eta 12: La lista de los deseos (17:00etan eta 19:30ean)
- Uztailak 13: La lista de los deseos (17:00etan eta 20:30ean)
- 3. ASTEBURUA
- Uztailak 18 eta 19: Zapatos rojos y los siete trolls (17:00) eta ¿Donde estas Bernardette? (19:30)
- Uztailak 20: Zapatos rojos y los siete trolls (17:00) eta ¿Donde estas Bernardette? (20:30)
- 4. ASTEBURUA:
- Uztailak 25 eta 26: Scooby (17:00) eta Pappicha, sueños de libertad (19:30)
- Uztailak 27: Scooby (17:00) eta Pappicha, sueños de libertad (20:30)
- Uztailak 30-Zine Kluba: West side story (20:30)
- 5. ASTEBURUA:
- Abuztuak 1 eta 2: Mina y el mundo de los sueños (17:00) eta La familia que tu eliges (19:30)
- Abuztuak 3: Mina y el mundo de los sueños (17:00) eta La familia que tu eliges (20:30)