Julen Arzuaga (EH Bildu): "Merezi dugun herria gobernatzeko prest gaude"
EH Bilduk aurrera egin nahi duela azpimarratu zuen EH Bilduren Bizkaiko zerrendakideak Markina-Xemeinen egindako mitinean, eta horretarako dituzten 10+1 konpromiso azaldu zituen.

Testuinguru berezian aurkitu arren EH Bildu erronkei erantzun eta errealitatea eraldatzeko prest dagoela esan zuten Julen Arzuaga EH Bilduko Bizkaiko zerrendakideak eta Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak atzo [uztailak 2] Markina-Xemeinen egindako ekitaldian. Hauek hauteskunde garrantzitsuak direla gogoratu zieten Plazabarripean bildutakoei.
Euskal preso politikoentzat izan ziren Julen Arzuaga EH Bilduko Bizkaiko zerrendakidearen lehen berbak. EH Bilduk bere esku dagoen dena egingo duela esan zuen “palankak irekitzeko eta ahalik eta arinen Euskal Herrian, etxean, egon daitezen”. Julen Atxurra lekeitiarra eta Ibon Iparragirre ondarrutarra, gaixotasun larriak sufritzen ari diren presoak gogora ekarri zituen Arzuagak.
“Hiru probintzia hauetan pobretasun tasa %10etik %12ra igo da azken lau urteetan. Bi puntu gora egin du EAJren azken kudeaketan”
EH Bilduk aurrera egin nahi duela azpimarratu zuen Arzuagak. “Guk aurrera egin nahi dugu eta horretarako hamar konpromiso gehi bat ekartzen ditugu. Justizia sozialean, berdintasunean eta elkartasunean oinarritutako konpromisoak dira”. Zerbitzu publikoak indartzeko konpromisoa azpimarratu zuen, eta EH Bilduren bozka, bozka berdea dela gogoratu. “Ingurumena maitasunagaz tratatzen duena, inora ez doazen tren faraonikoak, natura txikitzen duten azpiegiturak nahi ez duena, eta zelan ez, Zaldibar bezalako zabortegi mortalak ez ditugu nahi”.
Prekarietatearen kontra eta lanpostu eta pentsio duinen alde borrokatuko dutela ere gaineratu zuen. “Hiru probintzia hauetan pobretasun tasa %10etik %12ra igo da azken lau urteetan. Bi puntu gora egin du EAJren azken kudeaketan. Guzti horiek errekuperatu nahi ditugu, bizitza duin batera ekarri nahi ditugu”. Burujabetzaz ere ez zen ahaztu Arzuaga: “Burujabetzaren alde borrokatuko dugu baita ere; estatu baten tresna guztiak behar ditugu hemen hartzen ditugun erabakiak hemen gauzatu ahal izateko”.

Idurre Bideguren Markina-Xemeingo mitinean parte hartzen.
Bidegurutzea. Testuinguru berezia daukagula aurrean eta norabidea definitzeko momentua dela azpimarratu zuen Bidegurenek. “Osasun krisi eta krisi sozio sanitarioa oso larria da eta koste pertsonal, ekonomiko eta sozial handiak ordaintzen ari gara, eta errekuperatzeko, argi izan behar da zerk eragin duen krisi hau”. Krisiak irakasgai garrantzitsuak ekarri dituela gaineratu zuen, eta lehendik zeuden ahultasunak azaleratu. “Krisi honek osasun sistema bera neurtu du, zaintzaren inportantzia mahai gainean jarri digu eta zerbitzu publiko indartsu batzuk edukitzea zein inportantea den erakutsi digu. Askotan entzun dugu osasun zerbitzu onenetarikoa daukagula, baina pandemia honi aurre egiteko orduan, pertsonala falta izan zaigu, lekua falta izan zaigu, baliabideak falta izan zaizkigu eta babes neurriak falta izan zaizkigu. Ez gara egon prestatuta”. Osasun sistema onena daukagula esan arren, osasunean eta zaintzan lanean ari diren pertsonen %20 birusagaz kutsatuta edukitzea “onartu ezina” dela adierazi zuen. “Osasuna zaintzea horren garrantzitsua bada denontzat, eta hori erakutsi dute arratsaldeetako txaloek, osasun sistema indartu behar da eta murrizketekin ezin dugu jarraitu. Zerbitzu publikoak indartzeko unea da”.
Krisi sanitarioak krisi ekonomikoa bat ere ekarri duela gogoratu zuen: “Prekarietatean oinarritutako lan merkatuaren ondorioak jasaten ari gara. Galdutako hamar lanpostuetatik zortzi behin behineko kontratuak izan dira. Espainia, Europako batasunean dagoen behin-behinekotasun tasa handiena duen herrialdea da, eta nahiz eta batzuetan pentsatu gure industriak eta gure sare produktiboak berezitasun batzuk dituela, prekarietate honetan Espainiako tendentzia jarraitzen dugu ditugun legeei esker. 2019tik behin-behinekotasuna Bizkai, Araba eta Gipuzkoan gorantz doa %25 momentu honetan eta prekarietateak batez ere emakume eta gazteei eragiten die”. Egoera horri buelta emateko lanean ari direla adierazi zuen, bai Madrilen eta bai Gasteizen lanean jarraituko dutela azalduz.
“Ez daukat zalantzarik krisi honetatik irtengo dugula, baina zelan eta ze norabidetan hori da jokoan dagoena hauteskunde honetan. Eta norabide hori markatuko du edo Urkullu eta bere betiko ikuspuntua edo Maddalen Iriartek eta bere ikuspuntu berritzaileak. Momentu klabea da, ez dezagun alperrik galtzen utzi. Aldaketa momentua da, eta EH Bilduk lortzen duen babesaren arabera aldaketa hori posible izango da”.