Mikroenpresei eta autonomoei diruz lagunduko die Munitibarko Udalak
Uztailaren 30ean amaituko da eskabideak aurkezteko epea.
COVID-19-ak eragindako alarma egoeragatik herriko autonomoentzako eta mikroenpresentzako diru laguntzak arautu ditu udalak eta eskatzeko epea zabaldu dute. “Munitibarko Udalak beharrezkotzat jo du udalerriko familietan sor daitezkeen beharrizan ekonomikoei erantzutea, bai eta sektore ekonomikoen artean ere. Egoera honek suposatu dizkien zailtasun ekonomikoak gainditzen laguntzeko onartu dira diru laguntzak”.
Martxoaren 15etik maiatzaren 10era euren jarduera eten eta galera ekonomikoak (jarduera gutxitu eta euren fakturazioa %50 edo gehiago murriztu bada) jasan dituzten autonomo eta mikroenpresen jabeek uztailaren 30a arte [eguena] daukate horiek bideratzeko aukera udal bulegoetan.
Beti ere euren jardueraren hasiera 2020ko martxoa baino lehen emanik izatea eta bajan eman gabe jarraitzea baldintzak bete behar dituzte, eta baita jarduera horretan mantentzea gutxienez aipaturiko diruz laguntzeko epealdia amaitu eta beste hiru hilabetetan.
“Diru laguntzak emateko indarrean dagoen aurrekontu-muga 10.000 euroko da. Diru laguntzak COVID-19 aurrekontu partidaren kargura izango dira”, zehaztu dute. Laguntzak aurkeztutako eskabideen ordenaren arabera emango dituzte, eta bateragarriak dira edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoekin. Hala, erakunde onuradunak udalari jakinarazi beharko dizkio diruz lagundu daitezkeen kontzeptu berberengatik jasotako diru laguntzak.
Jarduera alarma-egoeragatik eten zaienaren kasuan, alokairu-gastuetarako diruz laguntzeko epealdiaren barruan ordaindutako errenten %50 arte emango zaie, gehienez 1.000 euro. Jarduera erabat eteteagatik diruz laguntzeko epealdiaren barruan, negozio bakoitzeko 700 euroko kopuru bakarra emango da. “Erabateko etendura izango da negozioan aritzeak bezeroarekiko zuzeneko interakzioa eskatzen duena”.
Fakturazioa, alarma egoeraren ondorioz murriztu zaienei dagokionez, diruz laguntzeko epealdiaren barruan fakturazioa %50 edo gehiago murriztu zaien onuradunen kasuan, 400 euroko kopuru bakarra jaso ahal izango dute negozio bakoitzeko.
Onuradunak, diruz lagundu daitekeen egitatean jasotako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, eta behar bezala egiaztatu ondoren, dagokion ordainketa egingo diote. Aipaturiko diruz laguntzeko epealdia amaitu eta gutxienez beste hiru hilabetetan jarduera mantentzen dela egiaztatuko dute.