Azaleko minbizia prebenitzeko kanpaina Ondarroara eta Markina-Xemeinera ailegatuko da
Ondarroan eguenean [uztailak 9] egongo dira, eta hilaren 15ean Markina-Xemeinen.
Uda honetan, eguzkiarekin jolasik ez lelopean dator aurton azaleko minbizia prebentzio kanpaina. 36 udalerritara iritsiko da kanpaina, eta Lea-Artibaira ere ailegatuko da, urtero modura.
Hain zuzen ere, eguenean [uztailak 9] Ondarroan egongo dira informazioa ematen; goizean egongo dira hondartzarako sarreran. Markina-Xemeinen, berriz, hilaren 15ean [eguaztena] egongo dira; Goiko Portalean jarriko dute erakusmahaia, goizean.
Azaleko minbiziaren gero eta kasu gehiago antzematen direla azaldu dute Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkarteko kideek, eta eragina urtez urte “handitzen” doala diote. Kontzientziazio faltagatik, gainera, gehiagora joan daitekeela uste dute. Diotenez, azaleko minbizia “gehien prebenitu” daitekeen tumorea da, eta “pronostiko ona” dauka denboraz hartzen baldin bada.
Eguzki izpien aurrean azala osasuntsu mantentzeko hartu beharreko neurrien azalpenak emango dituzte; eguzkia modu desegokian hartzea baita arriskurik handiena. “Azalak memoria dauka, eta eguzkiak eragindako erredurak lesio larriak dira. Sarri ematen baldin badira, epe luzera azaleko minbizian bihur daitezke. Azaleko minbizien %80 saihestea posible litzateke haurtzarotik babes neurri egokiak hartuko balira. Horregatik, oso garrantzitsua da prebentzioa, bai eta ere diagnostiko goiztiarra”.