Giro onagaz hasi da Markina-Xemeingo zesta-punta denboraldia
Profesional eta afizionatu kategoriakoak izan dira lehenengoak Uni frontoian kantxaratzen eta joko ederra erakutsi dute.
Giro onean hasi da martxan Markina-Xemeingo Master Series. Profesional eta afizionatu kategoriakoak izan dira lehenengoak Uni frontoian kantxaratzen; profesionalen txapelketari, berriz, barikuan [uztailak 10] ekingo diote.
Zesta-punta ikusteko gogoa badagoela ikusi zen joan den barikuan. Hainbat zale elkartu ziren Markina-Xemeingo frontoiko harmailetan Alex-Aimar/Goixerri-Manzi eta Aaron-Salegi/Antxon-Zabala bikoteen arteko norgehiagokak ikusteko.
Goixerri eta Manzi nagusi izan ziren lehenengo partidan. Mutrikuarrek 30-17 irabazi zieten Alex Goitia eta Aimar Aldazabali. Goixerrik eta Manzik maila ona erakutsi zuten eta erraz gailendu ziren. Bigarren partidua emozioz betea izan zen. Aaronek eta Salegik 28 egin zuten eta Antxonek eta Zabalak 30. Bikote bata zein bestea ibili zen aurrean eta tanto ederrak egon ziren.
Joan den barikuko irabazleek aurrera jarraituko dute txapelketan. Goixerrik eta Manzik barikuan [uztailak 10] jokatuko den kanporaketarako txartela eskuratu dute eta Barandika (Gernika) eta Ibarluzea (Markina-Xemein) bikoteagaz neurtu beharko dituzte indarrak. Antxonek eta Zabalak, berriz, Karmen Egunean [uztailak 16] jokatuko dute, eta Arbe eta Mandiola Markina-Xemeingo bikotea izango dute aurkari.