Lekeitioko Udalak galerak izan dituzten negozioak laguntzeko bigarren deialdia zabaldu du
Uztailaren 10era arte edukiko dute Lekeitioko ostalari, merkatari, autonomo eta mikroenpresek laguntza eskatzeko aukera.
Lekeitioko Udalak COVID-19ak galera handiak sortu dizkieten negozioei zuzendutako diru-laguntzen bigarren deialdia ireki du. Horrela, aurreko deialdian eskaera egin ez zuten negozioek beste aukera bat izango dute orain. Aurreko epealdian laguntza eskatu zutenei, berriz, automatikoki, eskaera berria egiteko beharrik barik, berrikusiko zaie proportzionalki zenbateko igoera dagokien.
Laguntzari dagokionez, martxoaren 15 eta maiatzaren 10a bitartean, alarma egoera ezarri zenean, itxita egotera derrigortuta egon zirenek edota euren fakturazioa %75 baino gehiago murriztu duten negozioek, gehienez ere, 550 euro jaso ahal izango dituzte. Maiatzaren 11tik aurrera itxita egon diren negozioek, aldiz, 68,75 euro jaso ahalko dituzte gehienez ere aste bakoitzeko.
Uztailaren 10era arte edukiko dute Lekeitioko ostalari, merkatari, autonomo eta mikroenpresek laguntza eskatzeko aukera, Leartibai Garapen Agentziaren bidez. Horretarako, Leartibai Garapen Agentziak Sabino Arana 14an duen bulegora hurbildu behar dute edo leartibai@leartibai.com helbide elektronikoaren bitartez dokumentazioa aurkeztu.
Bestalde, udalak ez dizkie tasak kobratuko martxoaren 15etik eta maiatzaren 10era bitartean itxita egon behar izan zuten negozioei, besteak beste, estolderia eta zabor tasak, udal eraikinetan dauden negozioen lizitazioak dakarten betebehar ekonomikoak, terrazen lizentziak eta toldoen lizentziak.