Ondarroak zazpigarren eta Isuntzak hamargarren amaitu dute A Coruñan
Gizonezkoen Eusko Label Ligan Santurtzirentzat izan da A Coruñako bandera. Euskotren Ligan, Oriok iazko denboraldiko nagusitasuna berretsi du asteburuan.
Galiziako uretan ekin diote denboraldiari arraunlariek. Azken hilabeteotako itxaronaldi luzea eta ziurgabetasuna alboratuta, lehiarako gogoz eta indarrez daudela erakutsi dute asteburuan.
Gizonezkoen Eusko Label Ligan Santurtzirentzat izan da A Coruñako bandera, eta emakumezkoen Euskotren Ligan Orio iazko txapeldunak eskuratu du denboraldiko lehen bandera. Ondarroak laugarren hasi du denboraldia, 12 puntugaz, eta Lekittarrak hamargarren, 8 puntugaz. Sailkapen buru Orio eta Santurtzi daude 21 puntugaz berdinduta.
Bi jardunaldi eta bandera bakarra. Bi estropadetan erabaki da IV Ciudade A Coruña Bandera. Eusko Label Ligaren lehen jardunaldian Hondarribia sailkatu zen lehenengo postuan eta ia bi segundora sailkatu zen Santurtzi.
Lehen txandan, Oriok bere irabazle izaera erakutsi zuen, lehen paladatik aurkariak atzean utzia. San Nikolas ontzia bakarrik geratu zen txanda osoan. Atzetik, Donostiarra atzetik aurrera joan zen, eta azken luzean lan eder bati esker 13 segundo murriztu zizkion Oriori. Arese izan zen hirugarrena eta Ondarroa laugarrena. Bigarren txandan, Isuntzak eta Zarautzek borroka polita izan dute hirugarren postua lortzeko, eta bizkaitarrak nagusitu ziren.
Domekan [uztailak 5], berriz, ongi ekin zion lanari Ondarroak lehen txandan. Lehen paladatik estropadaren burua hartu, eta paladaz palada aurkariak atzean uzten joan zen Antiguako Ama. 20:53ko denbora ezarri zuten ondarrutarrek, eguneko laugarren denbora onena. Bigarren txandan uretaratu zen talde lekeitiarra. Donostiarrak ihes egin zuen lehen unetik, eta lan guztia erlojuaren aurka egin behar izan zuen. Bigarren jardunaldia irabazteko zorian izan zen (20:45:54). Zierbenak lehen luzean ongi eutsi arren, arraun txikiarekin izandako arazoak kaltea sortu, eta denbora galdu zuen Donostiarrarekiko. Txandako hirugarren postuko lehian estu aritu ziren Cabo eta Lekittarra, eta kantabriarrak nagusitu ziren 21:11ko denborarekin. Bizkaitarrek, ordea, denbora galduta, Zarautzen denbora izan zuten erreferentzia gisa, eta azkenean baita hobetu ere 21:23ko denbora ezarriz.
Azken txanda modu ikusgarrian hasi zen. Lau traineruak hiru segunduko aldearekin heldu ziren lehen ziabogara, aurretik Orio zela. Horrela jarraitu zuten gipuzkoarrek, eta denbora handitzen joan ziren. Azken luzean, Santurtzi aurretik jarri arren, azken olatuari esker eguneko garaipena lortu zuen San Nikolas traineruak (20:45:44). Sotera segundo bat atzetik sartu zen (20:46:44), eta Urdaibai hirugarren postuan iritsi zen helmugara 21:08,76 denborarekin. Hondarribia, bandera irabazteko 1.9 segundoko abantaila izan arren, bigarren luzean atzean geratu eta ezinean aritu zen, Oriorekiko 39 segundu galduz (21.25).
Bestalde, patroi onenaren sailkapenari dagokionez, Urdaibaiko Jon Barturen dago lehen postuan, 3 puntugaz eta Ondarroako Iñigo Larrinagak ere 3 puntu dauzka. Larrinagaren taldekide Jenaro Zelaia laugarren dago 2 puntugaz.
Orioren erakustaldia. Euskotren Ligan, Oriok iazko denboraldiko nagusitasuna berretsi du asteburuan. Atzo hasieratik hartu zuen estropadaren burua, eta amaierara arte ekin zion garaipena lortu arte (11:29). Bigarren postuko lehian, Donostiarra eta Hondarribia aritu ziren nor baino nor. Ziabogara bitartean, hondarribitarrak aurretik izan ziren, baina azken luzean, donostiarrek aurrea hartzea lortu zuten, eta bi segunduko abantailagaz amaitu zuten. Donostia Arraun Lagunak hasieratik atzean geratu zen, ezin izan zuen bigarren postuko lehian ziren bi traineruengana hurbildu.
Euskal Herriko lehen paladak. Asteburu honetan lehiatuko dituzte Euskal Herriko lehen estropadak; zapatuan Donostian izango dira. Eusko Label Ligan, XIII Bandera Donostiarra Kaiarriba lehiatuko dute, eta Euskotren Ligan, V Bandera Donostiarra Kaiarriba. Domekan, Bizkaira joango dira XXXVII eta IV Bandera Petronor lehiatzeko.