Udako ludoteka zerbitzua eskainiko dute Mutrikun
Udalak eta Lapazorri aisialdi taldeak antolatutako zerbitzua astelehenean hasiko da martxan, eta hiru aste iraungo ditu. "Zerbitzua astekakoa izango da, eta aste bat, bi edo hirutan eman daiteke izena". Izen emate orria bete behar da.
Mutrikuko Udalak eta Lapazorri aisialdi taldeak antolatuta, 3 urtetik 5 urtera arteko umeentzako udako ludoteka zerbitzua “berezia” hasiko dira eskaintzen astelehenean. Zerbitzua astekakoa izango dela eta nahi duenak aste bat, bi edo hirutan izena eman ahalko duela gaineratu dute.
Izena emateko azken eguna eguena [uztailak 9] dela esan dute. Izena emateko, interesatuek izen emate orria beteta bidali beharko dute ondoko helbide elektronikora: iratxoludoteka.mutriku@gmail.com.
- 1. astea: Uztailak 13-17
- 2. astea: Uztailak 20-24 (Malen Eguna jai eguna izango da –uztailak 22–)
- 3. astea: Uztailak 27-31
Umeak adinaren arabera banatuko dituztela esan dute, eta ordutegiak ere horren araberakoak izango dira:
- 3 urteko haur taldea: 9:30-10:30
- 4 urteko haur taldea: 10:45-11:45
- 5 urteko haur taldea: 12:00-13:00
Ludotekako protokoloa. Segurtasun neurriei dagokienez, horiek bermatuta egongo direla esan dute. “Ludotekaren ohiko aforoa %60ra murriztuko da. Beraz, izan daiteke haur guztien parte hartzea ezin bermatu ahal izatea. Izena ematerakoan baimendutako haur kopurua gaindituz gero, zozketa bidez erabakiko dira taldeak”. Azaldu dutenez, behin betiko zerrendak barikuan [uztailak 10] bidaliko duten baieztapen mezuaren bidez jakinaraziko dute. ” Ordainketa egiteko modua ere mezuan zehaztuko da”. Prezioari dagokionez, aste bakoitzak 20 euro balio dituela esan dute.
- Umeei etxetik irten aurretik sukarra hartu beharko zaiela esan dute. “37.1 gradutik gora edukiz gero, ezingo du jardueran parte hartu, eta begiraleei jakinarazi beharko zaie”.
- Ludotekan bertan ere ume guztiei tenperatura hartuko zaie, bai ludotekara sartzerakoan eta baita ere irteterakoan. Sukarra izanez gero, gurasoei abisatuko zaie eta haien ardura izango da umearen bila joatea.
- Umea saio batera ez badoa, aldez aurretik abisatu beharko da, eta gaixorik egonez gero, abisua eman beharko da egoera zein den azalduz.
- Ume bakoitzak bere motxila, ura… eraman beharko ditu. Umeek ezingo dute beste kideekin ezer partekatu.
- Gurasoekin erabiliko den komunikazio kanala WhatsAppa izango da (posta elektronikoz ere komunikatu ahalko da, norbaitek hala nahiago izango balu).
- Umeren batek COVID-19aren sintomak erakutsiko balitu, Osasun Saileko protokoloa martxan jarri beharko lukete: umea osasun zerbitzuetara bideratuko lukete, eta horiek aginduz gero, umeak parte hartzen duen taldea ekintzetatik kanpo geratuko litzateke.