Segurtasun tartea errespetatzeak jende ilara luzeak eragin ditu zenbait herritan
Maskara soinean, segurtasun neurriak beteaz ari dira herritarrak botoa ematen. Eguerdira bitartean, Lea-Artibai eta Mutrikuko hauteslekuetan ez da jende pilaketa handirik sortu, baina 12:00etatik aurrera han-hemenka ilarak ikusi dira.
Ondarroako ludotekan sortu den ilara. Maskara soinean eta sarreran eta irteeran eskuak hidrogelarekin garbituz. Horrelaxe ari dira gaur botoa ematera doazen herritarrak Arduradunek laguntzen diete herritarrei hautesmahaia aurkitzen.
Mutrikun, esaterako, hesituta daukate Osasun Etxe zaharrera sartzeko bidea; herritarrek espreski jende pilaketak saihesteko ipinitako bidea egin behar dute hauteslekura sartzeko. Eta, sartu aurretik, arduradun batek euren hautesmahaia zein den eta non dagoen azaltzen diete, behar izanez gero. Sarrera eta irteera bereiztuta daude. Hala, sartzen direnak ez direa irteten direnekin gurutzatzen. Oro har, eguerdira bitartean “nahikoa lasai” daudela esan dute hauteslekuetan daudenek. “Jendea gutxinaka ari dira etortzen”.
Ohi legez, 12:30ak aldera hasi dira ilarak sortzen hauteslekuetan. “Ordura arte lasai-lasai egon gara”, adierazi dute Ondarroako Institutuko eta Zubi Zahar herri ikastoletako hauteslekuetan mahaian lanean ari zirenek. Azken horretan, ikastolan, gaur bozkatu dute herritarrek lehenengoz, eta ezelako arazo barik egin dute. Ikastolako idazkaritza parean jarri dituzte bi hautes mahaiak, eta banan-banan joan dira boto emaileak sartzen, zegokien mahaira.
Bitxikeriak. Dena dela, Ondarroako Ludotekako bozkalekura joan behar zuten bakar batzuk Erakusketa Aretora agertu dira nahastuta. Ludotekako bozkalekuan bozka emateko bi ilara egin dituzte, eta hor ere nahasteren bat edo beste egon da. Udaltzaingoa egon da ilara bat zein bestea zaintzen, espaloia ere libre lagatzeko.
Lekeition ere 08:00etatik martxan dira hauteskunde mahai guztiak. Aurten Eskola publikoan eta Iturriotz institutuan bozkatzen ari dira lekeitiarrak. Guztira zazpi mahai dituzte botoa emateko: Eskola gorrian bat, kolorinetakoan bi eta Iturriotzen lau. Ezohiko egoera eta leku berria izanik nahastuta ibili dira batzuk, hala ere, peto horidunak dituzte laguntzeko.
Parte hartzeari buruzko informazioa, HEMEN.
OHARRA: Kronika hau eguneratzen joango gara