Onintza Galdosek irabazi du Aulestin egindako Egunean Behin jokoaren azken saioa
Konfinamenduan hasi ziren hainbat aulestiar Egunean Behin jokoan parte hartzen. Eta barikuan ekimenagaz amaitzeko azken saioa egin zuten, Aulestiko plazan.
Mugikorra eskuetan, jokatzeko gogoz eta nor baino nor azkarragoa izateko prest. Horrelaxe aurkeztu ziren barikuan hainbat herritar Aulestiko plazan. Izan ere, egun horretan, konfinamenduan hasitako Egunean Behin lehiaketaren azken saioa egin zuten, herriko Euskaraldiko taldeak eta kultura batzordeak antolatuta.
Jone Antsotegi Aulestiko alkatearen azalpenak entzun eta gero hasi ziren herritarrak jokatzen. Guztira hamar galdera izan ziren, eta horiek azkarren erantzuten zituena zen garailea.
Onintza Galdos izan zen partida irabazi zuena. Baina bestelako saridunak ere egon ziren. Izan ere, denboraldiko saria ere eman zuten. Eta hori Jabier Aranguena Artako-k eroan zuen; kanpoan zegoenez, bere ilobek jaso zuten saria. Azkenik, azken saioan parte hartu zuten guztien artean zozketa eginda, hirugarren saria Maitane Urberuagak jaso zuen. Sariak ondokoak izan ziren: Ibegrafiken gastatzeko 30 euroko bonua, herriko ile apaindegian erabiltzeko 30 euroko bonua eta Josune dendan gastatzeko 30 euroko bonua.
Nahiz eta partida motza izan, ekimenagaz amaitzeko egindako azken saioak giro polita sortu zuela esan dute parte hartu zutenek.
Herritarren erantzuna ikusita, denboraldi berria hasten denean ere Aulestiko taldearen izenean jokoan parte hartzen jarraitzeko deia egin dute. Hori bai, denboraldi berrian saririk banatu gabe ariko direla esan dute.