Toka txapelketa antolatu dute Markina-Xemeinen
Bi kategoria egongo dira: 6-13 urte bitartekoa eta 13 urtetik aurrerakoa.
Tokaren lagunak antolatuta, toka jokoan aritzeko aukera egongo da eguenean [uztailak 16] Markina-Xemeinen. Uhagon kulturgunean prestatuko dute jokorako lekua, eta bi kategoria egongo dira.
Lehenengo, 6 urte eta 13 urte bitartekoek parte hartu ahalko dute. Izena 17:30etik aurrera eman daiteke, eta jokoa 18:00etan hasiko da. Ondoren, 13 urtetik aurrerakoak izango dira metalezko piezak eskuz jaurtikiz metro batzuetara dagoen toka jotzen ahaleginduko direnak. 18:30etik aurrera eman ahalko da izena, eta 19:00etan ekingo zaio jokoari.
Toka egurrezko kutxa ireki batean iltzaturik dagoen gutxi gorabehera hiru cmko zabalera duen burnizko txapa kurbatu bat da. Pieza batek toka edo txapa jotzen duenean kontatzen da tantoa, betiere piezak aurretik lurra jo ez badu. Antolatzaileek jakitera eman dutenez kategoria bakoitzeko irabazleek txapel bana irabaziko dute.