Birziklapen tasek goranzko joeran jarraitzen dute Lea Ibarran
Duela urtebete hondakinen bilketarako sistema berria jarri zuen martxan Lea Ibarra Udal Mankomunazgoak; emaitza onak lortu dituzte, eta balorazio positiboa egin dute.
Lea Ibarra Udal Mankomunazgoak 2019ko uztailean jarri zuen martxan zabor bilketa sistema berria Amoroton, Aulestin, Gizaburuagan, Mendexan eta Ispasterren. Jendearen erantzuna egokia izan dela eta balorazio positiboa egin dute mankomunazgoko kideek.
Hiru hileka batzen dituzte datuak, eta aurtengo bigarren hiruhileko datuen azterketaren faltan, pozik daude sistema berria martxan jarri zutenetik emandako aurrerapausoekin. Europako Batasunetik ezarritako %60ko birziklatze tasara iristea da erronka, eta hori lortzeko «bide honetik» doazela uste dute, birziklapenean «gorakada garrantzitsua» eduki baitute.
Mankomunazgoak emandako datuen arabera, errefusari dagokionez, 148 tona batzetik 84 tona batzera jaitsi dira, eta gainontzeko hondakinen birziklapen tasak igo dira: «Papera eta kartoia eta olio igo dira; ia bikoiztu egin da batzen den kopurua. Beirarena ere, agian, apur bat igo da, baina uste dut beirarena lehenagotik ere jendeak barneratuago daukala, edukiontzi berdeak lehenengo ipini zirenak baitira», dio Leire Aranburu mankomunazgoko teknikariak.
“Gure birziklapen datuei plastikoarena gehituz gero, seguru gaude %50etik gora gabiltzala”
2019ko lehen hiruhilekoan batutako hondakin kopuru orokorretik %83,6 zen errefusa, eta %16,5 birziklatzen zen. Aurten, epe berean, %56,8 izan da errefusa, eta birziklatu dena %43,2. «Hau guk batzen dugunari buruzko datua da. Beti ere kontuan eduki behar da plastikoa dela, agian, gehien birziklatzen dena, eta horrek datuak ez ditugu Garbikerrek batzen dituelako. Gure birziklapen datuei plastikoarena gehituz gero, seguru gaude %50etik gora gabiltzala».
Edukiontzi marroiak ipini aurretik, konpost guneak zeuzkazten udalerrietan. «Horietan utzitako hondakinen daturik ez daukagu, ezinezkoa delako zenbatekoa jakitea handik konposta beste materia batzuk gehituta ateratzen baita. Organikoaren bilketari dagokionez, edukiontzi marroietan zerotik 30 tona batzera pasatu gara. Seguruenik horietan organikoa uzten duten batzuek lehenago konpost guneetan uzten zuten organikoa, baina beste batzuek ez. Organikoa batzen hasi ginenean, 23 bat tona ziren, eta orain, 30-33 artean gaude».
Zehaztu dutenez, batzuek edukiontzi marroietan poltsa arruntetan sartzen dute organikoa, eta gogoratu dute poltsa konpostagarrietan bota behar dela, eta horiek udaletxeetan eskatu daitezkeela.
Herritarrei esker ona. Birziklapen datuak hobetzeko, zerbitzua hobetzeko ahalegina egin zuen mankomunazgoak, baina birziklapen kopuruak igotzeko herritarren erantzuna ezinbestekoa denez, orain arte egindako bidetik jarraitzeko beharra azpimarratu du Aranburuk: «Balorazioa oso positiboa da. Emaitza onak lortzen ari gara, eta orokorrean, jendearen aldetik erantzun ona eduki dugu». Egiten duten esfortsua eskertu diete mankomunazgokoek, eta horretan jarraitzeko gonbita luzatu dute: «Guk birziklapenera bideratu ahal dugu, baina esfortsua norberak bere etxean egin behar du».
Sistema martxan jartzean, batez ere jendeari egutegietara eta derrigor txartelagaz zabaltzera egokitzea kostatu zitzaiola esan dute
Kexak gutxiengoak izan direla eta orokorrean jendearen erantzuna ona izaten ari dela diote. Hala, herritarrak kontzientziatzea zen mankomunazgoko kideen helburuetako bat, eta oro har, jendeak arduratsu jokatzen duela ikusi dute.
Bost udalerrietan 53 gune zehaztu zituzten, edukiontzi guztiak batzeko. Hasieran etxez etxe informazio kanpaina egin zuten. Bi pertsona ibili ziren txartelak banatzen eta funtzionamenduaren berri ematen. Martxan jartzean, batez ere jendeari egutegietara eta derrigor txartelagaz zabaltzera egokitzea kostatu zitzaiola dio Aranburuk, baina orokorrean egokitzapena nahikoa ondo joan dela.«Lehen auzo eta ia etxe bakar bakoitzaren alboan egoten ziren edukiontzi grisak, eta horrez gain, beste gune batzuk zeuden gainontzeko edukiontziekin», zehaztu du Aranburuk. Beti ere guneak etxe eta baserrietatik hurrean egon daitezen saiatu dira: «Herri bakoitzean olioaren edukiontzi bakarra dago, baina gainerako denak daude guneetan. Gune txikienean ere, denak daude».
Errefusaren edukiontzi grisak eta organikoaren edukiontzi marroiak txip bidezko sistema daukate; organikoarena egunero zabaldu daiteke, eta errefusa, ostera, eguenetan eta domeketan bakarrik.
Herritarrengan birziklapena bultzatu nahi dutelako erabaki zuten errefusa bi egunetan bakarrik utzi ahal izatea: «Ondo bereiziz gero, ez da inongo arazoa, errefusa oso gutxi sortzen delako. Salbuespenak badaude, eta horiek egunero zabaldu ahal izateko aktibatuta daukate; premien arabera moldatzen da; adibidez, ume txikiak edo pertsona nagusiak etxean dituztenek pardelak sarriago botatzeko aukera eduki dezaten».