Irailaren 16an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren sailkapen fasea
Lea-Artibai mailan bi saio egingo dira: Lekeition (irailak 16) eta Markina-Xemeinen (irailak 18). Guztira, lehenengo fasea hamar saiotan banatuta egongo da, eta egun bakoitzean bi saio jokatuko dira. Guztira, 60 bertsolari ariko dira, tartean Lea-Artibaiko bederatzi bertsolari.
Maiatzean jokatu behar zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren sailkapen fasea, baina alarma egoera dela eta, atzeratu egin behar izan zen. Azkenean, irailean jokatuko da, eta bost egunetan egingo da; egun bakoitzean bi saio jokatuko dira, bi herri ezberdinetan. Lehen fase horretan 60 bertsolarik parte hartuko dute, tartean Lea-Artibaiko bederatzi ariko dira. Saio bakoitzean sei bertsolari ariko dira. Irailaren 16an izango dira lehenengo bi saioak, Lekeition (Azkue aretoan) eta Orozkon. Saio guztiak 18:30ean hasiko dira.
Ondokoak dira lehenengo fasean parte hartuko duten Lea-Artibaiko bertsolariak: Aitor Ruiz Urizar eta Aissa Intxausti Aburruza (Lekeitio), Eneko Arrate Sololuze, Nahia Ibarzabal Gisasola eta Josune Aramendi Perez (Markina-Xemein), Iñaki Lersundi Arrizabalaga eta Bikain Urkiri Etxebarria (Ondarroa), Lurdes Ondaro Mallea (Munitibar) eta Garazi Navarro Ugarteburu (Amoroto).
[IKUSI SAILKAPEN FASEKO EGUTEGIA]
Sarrerei dagokienez, ez direla aurretiaz salduko esan dute. “Txarteldegian erosi beharko dira. Txarteldegia saioa hasi baino ordu erdi lehenago zabalduko da”. Sarrerek 3 euro balioko dute (Bertsozale elkarteko bazkideentzat 2 euro), eta 16 urtetik beherakoentzako doan izango dira.
Bertsotan parte hartzeaz gain, Lea-Artibaiko herritarrak antolakuntzan ere sartuta daude. Itziar Basterretxea ondarrutarra eta Maddi Ibaibarriaga Zubikarai markina-xemeindarra talde antolatzailean ariko dira. Ibaibarriaga, gainera, komunikazio taldean ere ariko da. Bestetik, Basterretxea epaile legez ere ariko da, eta harekin batera ariko dira Lea-Artibaiko ondoko herritarrak ere: Ander Txakartegi Basterretxea (Berriatua) eta Graxi Arregi Leonardo (Markina-Xemein). Azkenik, Jon Legarra Eizagirre aulestiarra idazkari lanetan ariko da.
Sailkapen fasea eginda, Bizkaiko Txapelketa urrian hasiko dela esan dute, “printzipioz”. Horretan sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala egingo dira. Kanporaketetara 2016an finalistak eta 2018an finalaurrekoetan kantatu zuten bertsolariak sartuko dira. Guztira, horretan 36 bertsolarik parte hartuko dute (2016ko zenbat finalistak eta 2018ko zenbat finalaurrekoetako bertsolarik izena ematen duten arabera). Finalaurrekoetan, ostera, 2018an finalista izandakoak sartuko dira.
Sailkapen fasearen eta Bizkaiko Txapelketaren jarraipena egiteko bideak ere zehaztu ditu Bizkaiko Bertsozale elkarteak:
- Webgunearen bidez
- Sare sozialen bidez: Facebook, Twitter eta Instagram
- Harremanetarako: bizkaikotxapelketa@bertsozale.eus