Lekeitioko Beteranoen XV. Trinkete txapelketa, berriro martxan
Azken aurrekoekin berrekingo diote domekan [uztailak 19] txapelketari. Hiru partida jokatuko dira 09:30etik hasita.
Martxotik geldirik egon ondoren, berriro martxan jarriko dute Lekeitioko Beteranoen Trinketeko Esku Pilota Txapelketa. Amaitzear geratu zen norgehiagoka, eta, beraz, azken aurrekoekin berrekingo diote domekan [uztailak 19] txapelketari.
Hiru partida jokatuko dira domekan. Lehenengoan, 09:30etan hasita, Gandiaga anaiak eta Astigarraga-Pradera bikoteak neurtuko dira. Antolatzaileek gogora ekarri dutenez, aurrera pasatzeko, bi partida jolastu behar dira; bikote horiek konfinamendu aurretik jokatu zuten lehenengoa, eta berriatuarrak izan ziren garaile. “Oraingoa irabazten badute, zuzenean finalena sartuko dira, baina Debako beteranoenak, Astigarraga eta Mallabiko Pradera, berdinketa hausteko hirugarren partida behartzen saiatuko dira”.
Bigarren partida Martin-Foster eta Beraza-Telleria bikoteen artekoa izango da. Lau pilotariak 10:30ean irtengo dira kantxara. “Orain dela bi urteko txapeldunak, elgoibartarra eta mallabitarra faboritoak dira, baina Martin eta Foster lekeitiarrak prest daude ezustekoa emateko eta lehen puntua eurak eskuratzeko”.
11:30etan hasiko da 5. eta 6. posturako lehia. Hidalgo-Urkiaga-Jaunarena eta Egaña-Rober-Conde hirukoteetatik bi bikote irtengo direla azaldu dute antolatzaileek, final egunean jokatzeko. “Dema polita ikusi dezakegu. Bakoitzak bi partidu jokatuko ditu 20 tantora, eta berdinketa egonez gero berdinketa haustea bertan momentuan jokatu behar denez, nekea ondoen eramaten duenak aurrera egin dezake”. Jaunarena nafarrak eta Egaña mendaroarrak aukera asko dituztela diote antolatzaileek. ” Baina Rober, Urkiaga, Hidalgo eta Condek bere maila mantendu badute, oreka handia egon daiteke”.
Hurrengoko azken aurrekoak uztailaren 26an erabakiko dira, final eguna, ostera, oraindik erabakitzeko daukate.