Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoak filamentu termoplastikoak garatu ditu medikuntzaren sektorerako
Egitasmoa Eusko Jaurlaritzak finantzatutako InnHealth proiektuaren (2019-2020) baitan kokatzen da.
Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoa medikuntzarako filamentuak garatzen ari da, eta 3D inprimaketaren bidez balidazio-fasean dauden gailu medikoak fabrikatzeko erabiltzen ari dira jada. Egitasmoa Eusko Jaurlaritzak finantzatutako InnHealth proiektuaren (2019-2020) baitan kokatzen da, eta azaldu dutenez, zentro teknologikoari, proiektu honetan parte hartzeak, ehun-ingeniaritzan eta pertsonalizatutako medikuntza-gailuen fabrikazio gehigarriaren erabilera ezagutzak sortzea ahalbidetu dio.
Leartikerreko osasun saileko lantaldeak garatu ditu fabrikazio gehigarrirako medikuntza-mailako filamentuak euren ISO 7 sala zurian GMP (fabrikaziorako praktika onak) baldintzak jarraituta.”Baldintza horiek, zentro teknologikoak 2019an lortutako ISO 13485 ziurtagiriak emandakoak dira. Horrela, dagoeneko eskuragai daude filamentuen lehenbiziko sortak, FFF inprimagailu estandarrentzat egokiak”.
Jakitera eman dutenez, Leartikerrek pertsonalizatutako geometrien 3D inprimaketak egiteko gaitasuna dauka filamentuak egiten diren sala zurian bertan, zerbitzu hori modu irekian eskainiz. Horrekin, balioa eman nahi diote material medikoaz osatutako katearen maila guztiei, filamentuaren fabrikazioari eta pertsonalizatutako geometrien 3D inprimaketari, hori guztiori GMP baldintzetan eta 8 eta 72 ordu bitarteko epean.
“InnHealth proiektuari esker, Markina-Xemeingo zentro teknologikoa, medikuntzaren sektoreko ohiko kolaboratzaileei balio erantsia ahalbidetuko dien ezagutza eremuan kokatzen ari da: osasun ikerketako euskal institutuak (Biocruces, Bioaraba eta Biodonostia), OSI Bilbao-Basurto (Osakidetza), Nafarroako Unibertsitateko Klinika (CUN) eta Toulouseko Unibertsitate Ospitalea (CHU Toulouse), besteak beste”.
Etorkizunera begira. Etorkizunari begira eta biomedikuntzaren bilakaera gero eta handiagoa dela kontuan hartuta, Leartiker zentro teknologikoak azken urteetan ehun-ingeniaritza eta balio erantsi handiko medikuntza-gailuen garapenerako apustu handia egin du, bere Health espezializazioaren baitan. “Bi ikerketa ildo horiek etorkizun hurbilean eboluzio esponentziala izango dutela aurreikusten da”, diote. Zehazki, ehun-ingeniaritzaren baitan biopolimero-biotinta scaffolds (euskarriaren egiturak) hibridoak garatzen ari dira kartilagoaren birsorkuntzarako, eta fabrikazio gehigarriaren bidezko medikuntza-gailuen diseinu eta ekoizpenean ere ari dira lanean.