Ondarroako EAJ: "Kezkatuta gaude onartutako aurrekontua ez delako errealitate berrira egokitzen"
Inbertsioak %60 jaistea, iazko diru laguntzak izapidetu barik egotea eta aurrekontuen inguruko dokumentazioa "berandu" jaso izana salatu dute jeltzaleek. Kontu guztiak "sakon eta arloz arlo aztertzeko" Ogasun Batzordearen hileko bilera bat egitea ere proposatu dute.
Ondarroako EAJren udal taldea kezkatuta agertu da. Haien ustez, EH Bilduk onartutako udal aurrekontua “ez da erreala”. Ondarrutarren beharrei erantzuteko ez dela erabilgarria diote. “Diru sarrerak eta gastuak ez dira errealitate berrira egokitzen. Eta, gainera, ondarrutarren beharretatik urrun dago”, esan du Maria Dolores Etxano EAJren bozeramaile ondarrutarrak.
Ondarroako Udalak ekainaren 17an onartu zuen aurtengo aurrekontua, eta EAJren sei zinegotziek aurkako botoa eman zuten. Jeltzaleek aurkako botoa emendakinen kontrako erabakiarekin lotu zuten. Dena dela, elkarlanerako konpromisoa berretsi zuten bi alderdiek. “Udal kontuei ezezkoa emateak ez dauka Udal Gobernuaren lana oztopatzeko asmorik. EAJren taldea prest dago egungo errealitate berrira egokituko den aurrekontu proiektu berri bat idazteko eta horretan laguntzeko”.
Etxanok gaineratu du, udal agintariek jakin badakitela aurrekontua ez dela erabilgarria, EH Bildukoek laster aldaketak sartzen joango direla jakinarazi zutelako. “Hori oso zentzugabea da. Aurrekontua sei hilabeteko atzerapenagaz onartzen da ekainean, baina urtarrileko datuekin. Eta gero irailean aldatu egiten dute”.
Hain zuzen ere, aurtengo aurrekontuari kontrako botoa ematearen arrazoietako bat hori izan dela argitu dute jeltzale ondarrutarrek. Baina hori ez dela arrazoi bakarra izan azpimarratu dute. “Aurrekontuan ez dira kontuan hartzen COVID-19aren ondorioak. Udalkutxaren diru sarreren aurreikuspenak bere horretan jarraitzen du, jakin badakigunean geldialdi ekonomikoaren ondoriozko diru bilketa murriztu egingo dela”. Ibaiondoko aparkalekuekin ere “gauza bera” gertatzen dela diote. “Aurten garajeetako leku guztiak saltzeko aukera gutxi daude”.
Aurrekontuaren gastuen atalean dagoeneko udalak bertan behera utzi dituen jaietako edota bestelako ekitaldietako kontuak agertzen jarraitzea ere “zentzugabekeria” dela gaineratu dute. “Gastu horiek jasota badaude ere, ez da gehitzen eraikinak garbitzeko diru sail berezirik”.
Inbertsioen jaitsiera. Iaztik hona inbertsioak %60 jaistea eta “inolako azalpenik ez ematea” ere kritikatu dute jeltzaleek. “Inbertsioetarako 421.730,88 euro gutxiago dago aurten. Iaz 1.054.600,62 euro zeuden inbertsioetarako, eta horietatik 390.430,83 euro soilik gauzatu ziren. Hau da, %37”. Gaineratu dute, 2019an “bi diru laguntza galdu” zirela: irisgarritasun plana egiteko 10.875 euroko laguntza bat eta kiroldegiko igogailurako 53.960 euroko beste bat. “Bi diru sail horiek desagertu egin dira aurtengo aurrekontu murriztutik”.
Iaz gauzatu barik geratu ziren eta aurtengo aurrekontuan sartuta dauden bi proiektu ere nabarmendu dituzte: Zaldupe atzeko gunea asfaltatzea eta KamiƱazpiko proiektua. “Lehenengo proiekturako iaz 180.000 euroko diru saila ezarri zen, eta egin ez zenez, aurten diru sail bera ezarri da. KamiƱazpiko proiektua ere oraindik gauzatu barik dago, baina, 2018an 40.000 euroko diru saila gorde zen, iaz 25.000 euro eta aurten 5.000 euro baino ez”.
“2020an hezkuntzarako zero euroko laguntzak aurreikusita, deigarria da ikastetxe baterako 30.000 euroko diru saila sartzea, hitzarmen bidez”
Diru laguntzei dagokienez, iazko diru laguntzen izapideak egin barik jarraitzea “larria” dela diote Ondarroako EAJren kideek. Diotenez, aurtengo aurrekontuan agertzen diren zenbatekoak 2019koak ordaintzeko erabiliko dira. “Praktikan, aurten zero euroko diru laguntza jasoko dute ondoko arloek: kultura, kirola, berdintasuna, euskara, ingurumena, gizarte ongizatea, merkataritza eta hezkuntza”.
Hezkuntza alorrekoa azpimarratu dute. “2020an hezkuntzarako zero euroko laguntzak aurreikusita, deigarria da ikastetxe baterako 30.000 euroko diru saila sartzea, hitzarmen bidez. Lehenik eta behin, Ondarroan hiru ikastetxe ditugulako, eta, gainera, diru sail izenduna delako, proiektua eta erabiliko den hitzarmena ezagutu barik”. Horren aurrean, hezkuntzako diru saila ikastetxe guztietara bideratu beharko litzatekeela eta Hezkuntza Batzordean beharrak aztertu beharko liratekeela diote.
Hala, Egunsentia Elkarte Kooperatibari (Zubi Zahar Herri Ikastetxea) esleitutako 30.000 euroko zuzeneko laguntza hori berbideratzea proposatu dute jeltzaleek, ikastetxe guztietara bideratutako “norgehiagokako diru laguntza bat” emanez, “Zubi Zahar Herri Ikastetxeak, Zaldupe Eskoal Publikoak eta Institutuak euren guraso elkarteen bidez behar dituzten proiektuetarako”.
Aurrekontu proiektu berria egiteko borondatearen adierazle dira aurkeztutako eta atzera bota diren zuzenketak. “Zuzenketa horien artean irisgarritasuneko eta mugikortasun jasangarriko planak egiteko proposamenak daude, bai eta Kaleandiko igogailuaren proiekturako proposamenak ere”
Kontuak epez kanpo aurkeztu direla ere salatu dute jeltzaleek, eta, ondorioz, horiek aztertzeko denbora gutxi eduki dutela gaineratu dute. “Dokumentazioa, eta ez aurrekontuari erantsi beharreko guztia, osoko bilkura baino 24 ordu lehenago jasotzen dugu, baita ordu gutxi batzuk lehenago ere”. Dena dela, 2018ko eta 2019ko aurrekontuen likidazioak ez direla erantsi esan dute. “Gobernu taldeak ez ditu 2018 eta 2019ko likidazioak aurkeztu. Ez dakigu udalak 2018an eta 2019an superabita eduki zuen, orain bizi dugun egoera honetan oso beharrezkoak izango liratekeenak”.
Diotenez, aurrekontu proiektu berria egiteko borondatearen adierazle dira aurkeztutako eta atzera bota diren zuzenketak. “Zuzenketa horien artean irisgarritasuneko eta mugikortasun jasangarriko planak egiteko proposamenak daude, bai eta Kaleandiko igogailuaren proiekturako proposamenak ere”. Igogailuaren proiektu horrek, hain zuzen ere, 55.545 euroko kostua edukiko lukeela diote. “Proiektu hori udalak berak bertan behera utzi dituen festetako eta ekitaldietako diru sailekin finantzatuko litzateke”.
EAJk aurkeztutako zuzenketak EH Bilduren gobernu taldearen konpromisoa lortu nahi zutela diote, “2018ko eta 2019ko likidazioak inbertsioetara bidera zitzan. Azken urteetan hori egiteke geratu da”.
Hain zuzen ere, likidazio horiek egiteko nahiz eta kontu sail guztiak “sakon eta arloz arlo aztertzeko”, EAJk Udal Ogasun Batzordearen hileko bilera bat egitea ere proposatu du, “aurten ere ezinezkoa izan dela ikusita, 2021eko aurrekontu onerako oinarriak ezarri ahal izateko”.