Badogu nun babestu jaia antolatu du Lekittarrok Zaindu sare herritarrak

Herritarrei sareak aurrera jarraitzen duela erakusteko Badogu nun babestu ospakizun jaia egingo dute zapatuan, Independentzia Plazan. Ezustekoz betetako ekitaldia izango dela aurreratu dute.

Lekittarrok Zaindu sare herritarrek hainbat kide, ekitaldiko kartelagaz eskuan. Argazkia: Lekittarrok Zaindu

COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean, eta horrek ekarri dituen ondorioei erantzuteko Lekittarrok Zaindu sare herritarra sortu zuten hainbat herritarrek martxoan. Boluntario sareko kideek azaldu dutenez, ehunka boluntario batu dira sarera, eta itxialdiak iraun duen ia hiru hilabeteetan hainbat ekintza egiteko aukera eduki dute. Egoera aldatu egin bada ere, zaintza sareak aurrera jarraitzen duela eta etorkizunean ere hor jarraituko azpimarratu dute. Ildo horretatik, ekitaldi bat egitea pentsatu dute, herritarrei oraindik “sarea hor dagoela” erakusteko. “Denon artean posible izan da aurrera egitea, eta beti prest egongo gara”.

Hain zuzen ere, Badogu nun babestu ospakizun jaia antolatu dute zapaturako [uztailak 18]. Segurtasun neurri guztiak bermatuta, Independentzia Plazan egingo dute ospakizuna. 19:00etan jarri dute hitzordua, eta ekitaldia motza izango dela esan dute, ordubete ingurukoa.

Badogu nun babestu jaiaren helburu nagusia orain arte herritarrek egindako lana eskertzea izango dela nabarmendu dute, eta horregatik herritarrak batu nahi dituzte beste behin ere. “Herri ekimenak herriko beharrei erantzun dio, eta horregatik, beste behin ere herria batu nahi dugu herria izan delako protagonista. Eman eta jaso, jaso eta eman izan da gure lelo nagusia. Soilik herria protagonista denean lortu daiteke Lekittarrok Zaindu ekimenak lortu duena; herriko beharrak erraz ikusi dira, eta erantzuna bat-batekoa izan da, inolako interesetan galdu barik. Herritik herriarentzat sortu den sarea gara, eta horretan lanean jarraituko dugu”.

Askorik aurreratu ezin badute ere, ekitaldia hainbat ezustekogaz beteta datorrela azpirramatu dute. Besteak bete herriko musikariek parteko hartuko dute zapatuko ospakizunean. Segurtasun neurriak bermatze aldera, gainera, eserita jarraitu beharko da ekitaldia; maskarak eramatea derrigorrezkoa dela azpimarratu dute. Aulkiak jarriko dituzte plazan, eta bertaratzen direnentzat txosna ere egongo dela agertu dute, “zer edo zer hartu ahal izateko bertan”.