Lekitto Bedarra Usotegiko lurra saltzen hasi da, parkean ipintzeko etxola bat erosi ahal izateko
Aurten, COVID-19ak eragindako pandemiaren aurrean, Usotegin jasotako berdurak herrian beharra dutenei banatzeko erabakia hartu dute. Momentuz, 90 kilo berdura banatu dituzte. Etxolan Usotegiko ortuan erabili beharreko materiala gordeko lukete.
Lekitto Bedarra Lekeitioko ortularien elkarteak jakinarazi duenez, aurten Usotegin jasotako barazkiak beharra duten herritarrei banatzea erabaki dute. “Erabaki hori hartu dugu aurten dugun egoera gaiztoari aurre egiteko”. Momentuz, 90 kilo barazki banatu dituzte. Taldeak, baina, ez dauka ortuan lan egiteko tresneria gordetzeko lekurik. Hala, etxola bat erostea pentsatu dute. “Etxola horrek 2.000 euro inguru balio ditu. Eta pentsatu dugu gastu horri aurre egiteko Usotegiko lurra saltzea”.
Etxola egiteko, Ricardo de la Rivaren eskutik udalaren laguntza edukiko dutela esan dute. “Bera arduratuko da guk egindako lur landuaren tokian zementuzko plaka botatzeaz”. Gero, Lekitto Bedarrak etxola erosi eta oinarri horren gainean kokatuko du. “Etxolan lurra lantzeko makina, sasiak garbitzeko makina, belarra moztekoa eta ingurua txukun eta emankor mantentzeko tresneria gordeko dugu”.
Etxolaren kostuari aurre egiteko saldu nahi duten lurra “kalitate onekoa” dela esan dute. “Saiatu gara harriak kentzen, edozein lorontzi edota orturako erabilgarria izateko. Gainera, prezio merkean saltzen dugu: 25 kiloko zakua euro baten saltzen dugu”. Lurra saltzea “aukera ona” delakoan daude. “Uste dugu aukera on bat izan ahal dela behar duenak zaku batzuk erostea eta bere loreak edota ortua lur bikain honekin hobetzea”.
Lur hori erosi nahi dutenek, astelehenetan, eguaztenetan eta barikuetan 16:00etatik 18:00etara Usotegira hurreratu ahal dira, ordutan egoten baitira han taldeko kideak. Dena dela, posta elektronikoz ere eskaerak egiteko aukera zabaldu dute: lekitto.bedarra@gmail.com. “Erosi Usotegiko lurra eta lagundu gure konpromisoa aurrera eramaten! Erosi lur solidarioa!”.
Taldeko kideek azpimarratu dutenez, orain arte ondoko taldeei bideratu diete Usotegiko barazkiak: Lekeitioko Gurutze Gorriari, Lekittarrok zaindu taldeari eta Dominika mojei; Gurutze Gorriari eta Lekittarrok zaindu taldeari hiru aldiz eman diote, eta Dominika monjei lau aldiz. Aurreratu dutenez, datorren astean seguruenik beste barazki sorta bat emango diete Gurutze Gorrikoei.
Oro har, taldeko kideak hartutako erabakiarekin oso konprometituta daudela esan dute. “Astero batzen gara bi edo hiru aldiz ahalik eta barazki gehien landatu, erein eta jasotzeko”.