Mikroenpresei eta autonomoei zuzendutako diru laguntzak onartu dituzte Aulestiko eta Gizaburuagako udalek
Gizaburuagako Udalak 15.000 euro eta Aulestiko Udalak 10.000 euro bideratuko dituzte. Interesatuek abuztuaren 10a arte eskatu ditzakete diru laguntzak udal bulegoetan.
COVID-19ak eragindako alarma egoeragatik herriko autonomoentzako eta mikroenpresentzako diru laguntzak arautu dituzte Aulestiko eta Gizaburuagako udalak ere eta eskatzeko epea zabaldu dute. Hain zuzen, COVID-19ak tokian tokiko ekonomiari eragindako kalteei aurre egiteko diru laguntzak Lea Ibarreko udal guztiek onartu dituzte. Laguntza horiek Lea Ibarreko Udal Mankomunazgotik bideratu zizkieten udalei, eta, gero, udal bakoitzak onartu ditu.
Abuztuaren 10a arte eskatu daitezke diru laguntzak udal bulegoetan. Informazioa eta eskabide-ereduak udalen webguneetan daude eskuragarri.
Diru laguntzak COVID-19 aurrekontu partidaren barruan daude; Gizaburuagako udalak 15.000 euro bideratuko ditu laguntzetara, eta Aulestikoak 10.000 euro.
Emandako laguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publiko edo pribatuk emandakoekin, eta ezin izango da inola ere %100 baino gehiago izan diruz lagun daitezkeen egitate berberengatik. Onuradunek udalei jakinarazi behar dizkiete diruz lagun daitezkeen kontzeptu berengatiko laguntzak.
Martxoaren 15etik maiatzaren 10era euren jarduera eten eta galera ekonomikoak eduki dituzten autonomoek eta enpresa txikien jabeek eskatu ditzakete diru laguntzak. Jarduera eten dutela edo epe horretan jarduera murriztuta aurreko urteko batez bestekoarekin alderatuta fakturazioaren %50a edo gehiagoko jaitsiera izan dutela frogatu behar dute eskatzaileek.
Diru-laguntzen gehienezko zenbatekoari dagokionez, euren jarduera alarma egoeragatik eten zaienei, alokairu gastuetarako diruz laguntzeko epealdiaren barruan ordaindutako errenten %50 arte emango diete, beti ere, gehienez 1.000 euro.
Jarduera erabat eteteagatik diruz laguntzeko epealdiaren barruan, negozio bakoitzeko 700 euroko kopuru bakarra zehaztu dute. “Erabateko etendura izango da negozioan aritzeak bezeroarekiko zuzeneko interakzioa eskatzen duena”, azaldu dute.
Alarma egoeraren eraginez fakturazioa murriztu zaienen kasuan, diruz laguntzeko epealdiaren barruan fakturazioa %50 edo gehiago murriztu zaien onuradunek 400 euroko kopuru bakarra jaso ahal izango dute negozio bakoitzeko.
Hala, era guztietan, diruz laguntzeko epealdia laburragoa baldin bada, “aste naturalen arabera proportzionalki banatuko” dela jakinarazi dute.
Jarduera alta data 2020ko martxoa baino lehenagokoa izatea eta baja eman gabe jarraitzea ere baldintza modura jarri dute.
Onuradunak, diruz lagundu daitekeen egitatean jasotako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, eta behar bezala egiaztatu ondoren, dagokion ordainketa egingo diote. Aipaturiko diruz laguntzeko epealdia amaitu eta gutxienez beste hiru hilabetetan jarduera mantentzen dela egiaztatuko dute.